Donostiak eremu gorrian jarraitzen du eta bihartik aurrera tabernak itxiko dituzte
Hiriko intzidentzia metatuak gora egin du beste behin. Une honetan, 530,73koa da, eta 82 koronabirus kasu zenbatu zituzten atzo. Ostalaritza ixteaz gain, bihartik aurrera ezingo da taldeko kirola egin, talde profesionalen eta erdi profesionalen kasuan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzak Donostiako kutsatzeei buruzko informazioa partekatu berri du, eta hiriak ez du lortu intzidentzia metatuaren goranzko joerari buelta eman eta eremu gorritik ateratzea. 82 koronabirus kasu atzeman dituzte eta intzidentzia metatua 530,73koa da; duela bi egun, datu hori 511,54koa zen, duela hiru, 510,44koa eta duela lau 511,54koa. Ondorioz, bihartik aurrera, tabernak eta apustu etxeak itxiko dituzte, eta taldeko kirola mugatuko dute. Bestalde, Gipuzkoak gainditu berri du 100.000 biztanleko 500 kasuen langa. Atzora arte, eremu gorrian ez zegoen EAEko herrialde bakarra zen.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 1,25ekoa da.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Lau osasun eremu 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainetik daude: Amara Berri, Egia, Bidebieta eta Parte Zaharra. Azken honetan, zenbatekoak behera egin du, baita Loiolan ere, eta Grosen berdin mantendu da. Gainontzekoetan, gora egin du:
- Amara Berri: 643,58
- Egia: 586,89
- Bidebieta: 527,70
- Parte Zaharra: 506,07
- Gros: 471,41
- Amara-Erdialdea: 442,37
- Ondarreta: 410,49
- Altza-Roteta: 382,05
- Intxaurrondo: 350,17
- Loiola: 286,73
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 21
- Ondarreta: 17
- Gros: 16
- Egia: 8
- Altza-Roteta: 5
- Intxaurrondo: 5
- Bidebieta: 2
- Loiola: 2
- Amara-Erdialdea: 2
- Parte Zaharra: 1