Donostiako taxi zerbitzua Espainiako Estatuko garestienetan bigarrena da

Facua kontsumitzaileen elkarteak Espainiako Estatuko 56 hiritako taxi zerbitzuen prezioak aztertu ditu, eta ikerketaren arabera, Donostiako zerbitzua garestienetan bigarrena da. Era berean, ikerketak ondorioztatu du hiriak hamar urte daramala Espainiako Estatuko hiru taxi zerbitzu garestienen artean.
Facuak hiri bakoitzeko bederatzi ibilbide simulatu ditu, eta hortik ateratako datuekin osatu dituzte zerrendak. Horrela, Tarragona (Herrialde Katalanak) da Espainiako Estatuko hiririk garestiena taxi zerbitzuari dagokionean, bederatzi ibilbide horien batez besteko kostua Las Palmaskoa –Ceuta, Cadiz, Huelva eta Jaenekin batera, estatuko zerbitzu merkeena duen hiria– baino %77 garestiagoa baita. Irizpide horien arabera, Donostia bigarren postuan dago, ibilbideen batez besteko kostua Las Palmasen baino %74 garestiagoa baita. Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuei dagokienez, Gasteiz hirugarren postuan dago, Iruñea 26.ean eta Bilbo 33.ean.
Bestalde, ikerketaren arabera, Donostiako zerbitzuak tarifak %1,6 igo zituen iaz, estatuko batez bestekoa %0,8 den bitartean. Era berean, hiriko eguneko tarifa minimoa estatuko garestiena da, 5,33 eurokoa baita –merkeena Las Palmaskoa da: 2,40 euro–. Gaueko minimoa 6,18 eurokoa da (6,20 eurokoa asteburuetan), eta soilik Malaga dauka aurretik. Hala ere, Donostiako eguneko zerbitzuko kilometro bakoitzaren kostua estatuko merkeenetakoa da, 0,73 eurokoa baita –soilik Cadiz (0,70 euro) eta Ceuta (0,71 euro) dira merkeagoak–. Tarifa minimoa garestiena denez, ordea, prezio orokorra altuagoa da, kilometroko kostuaren hirien arteko aldea (garestiena Bartzelona da, 1,18 eurorekin) ez delako tarifa minimoaren aldea bezain handia.