Eraginkortasun energetikoari buruzko udal ordenantza berria onartu dute

Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu du eraginkortasun energetikoari buruzko udal ordenantzari. “Hamaika urte geroago, ordenantza berria bat dator eraginkortasun energetikoaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren arloan udalak hartutako konpromisoetatik eratorritako araudiarekin eta eskakizunekin”, azaldu du udalak.
Ordenantzaren helburua da eraginkortasun energetiko handia sustatzea eraikin berrietan eta lehendik daudenetan. Baita ere, eraikuntzan energia berriztagarrien ezarpena handitzea. “Azken batean, eraikita dagoen parkearen energia eta karbono aztarna murriztu nahi da, eraikinen barruko klima konforta modu jasangarriagoan handitzearekin batera”.
Orain arteko ordenantzaren balorazioa egin du Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak: “Indargabetuta geratzen den ordenantzak 2.000 obra baino gehiagoren balantzea egin du, eta bertan energia- eta ingurumen-irizpideak txertatu dira; beraz, uste da ordenantzak eragin handia izan duela udalaren eraikuntza-parkean. Horietatik, %70 birgaitu egin dira eraikinen inguratzaile termikoan, fatxadetan, estalkietan, terrazetan… eta %18 eraikin berrietan. Gainerakoak jardueretan egindako obrak ( %8) eta eraisteak ( %4) dira”. Horrez gain, ondorengoa gaineratu du. “Eraikinek gure hirian CO2 isurketen % 21,7 hartzen dute, eta, beraz, horien energia-kontsumoa murriztea funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan, donostiarren % 94k zalantzan jarri ezin dela uste baitute”.
Esan bezala, ordenantza honek berrikusten ditu eraikuntzaren sektorean energia aurrezteko eta iturri berriztagarrietatik sortutako energia sartzeko eskakizunak, eta hori ezinbestekoa da 2050ean karbono gutxiko ekonomia lehiakor baterantz pixkanaka aurrera egiteko. Eraikuntzako Eraginkortasun Energetikoari buruzko udal ordenantza berria DSS 2050 Klima Ekintza Planean definitutako helburuak lortzeko beste tresna bat da, 2030ean udal isuriak 2007ko oinarri urtearekin alderatuta %40 eta 2050ean %80 murrizteko.