Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimena Newroz egunerako berotzen hasi da

Newroz eguna udaberriaren eta urte berriaren etorreraren ospakizuna da kultura kurduan, baita tiraniaren aurkako erresistentziaren sinbolo zahar bat eta kausa kurduari babesa adierazteko modu bat ere. Horregatik, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimenak Newroz eguna ospatuko du aurten hirian, martxoaren 21ean. Egitasmoa Uliako Mintegietako Parkean egingo dute. Eguna heldu arte, ordea, herri kurduaren aldeko beste hainbat egitasmo egingo dituzte, eta lehenengoa hilaren 15ean egin zuten. Laster iragarriko dituzte Newroz eguna heldu arte antolatuko dituzten beste hainbat egitasmo. Aurreratu dutenez, otsailaren amaieran izango da hurrengoa, eta Make Rojava Green Again proiektuaren inguruan hausnartuko dute Donostiako Mugimendu Ekologistako kideekin batera.
Hain justu, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimenak, Donostiako Mugimendu Feministako hainbat kiderekin batera, 2013ko urtarrilaren 9an Parisen erail zituzten hiru militante kurdu –Sakine Canzis, Fidan Dogan eta Leyla Saylemez– omendu zituzten, Egiako Txoko Internazionalistan. Hasteko, erailketen inguruko Solo Los Muertos Vuelven A Casa dokumentalaren zati bat proiektatu zuten, Turkiako inteligentzia zerbitzuak erailketen erruduntzat jotzen baititu dokumentalak.
Ondoren, Rojavan izandako bi lagunek hitzaldia eskaini zuten, han ikusitakoaren eta emakumeen askapenerako borrokan bizitakoaren inguruan. Hor ez zen ekitaldia bukatu, Melina Yasar emakumeen askapen mugimenduko kidearen hitzartzea jasotzen zuen bideoa ikusi baitzuten. Bideoan, Parisko eralketei buruz hitz egin zuen Yasarrek, baita eurentzat martiriek duten esanahia azaldu ere. Egitasmoari amaiera emateko, Alina Sanchezen poema bat irakurri zuten, eta argazki kolektibo bat egin zuten. Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimenak nabarmendu du ekitaldi “hunkigarria” izan zela.