Reala Betisen gainetik pasa da

Realak eta Betisek elkar ikusi zuten berriz atzo, baina oraingoan nesken txanda zen, eta mutilek baino emaitza askoz hobea lortu zuten: 5-1 irabazi zuten. Andaluziarrak indartsu atera ziren Zubietako zelaira, baina Nanclaresek bi aldiz moztu zituen Betisen jokaldiak.
Hortik aurrera, txuri-urdinak nagusitzen hasi ziren, eta Maitanek markagailua ireki zuen 21. minutuan; bere lehenengo gola izan zen elastiko txuri-urdinarekin. Atsedenera 1-0 helduko zirela edo Realak bigarren gola sartuko zuela zirudienean, Bea Parrak berdinketa lortu zuen 44. minutuan, orpoarekin.
Bigarren zatia aldiz, txuri-urdina izan zen erabat. Lehenengo minutuetan berdinketak jarraitu zuen markagailuan, baina Realaren joko onak fruituak izan zituen, eta Gemma Gilik 2-1-ekoa sartu zuen 56. minutuan, area kanpotik sekulako jaurtiketa eginez. Handik gutxira, 64. minutuan, Nerea Eizagirrek hirugarrena sartu zuen, eta Betisen aukera guztiak hor bukatu ziren, txuri-urdinen nagusitasuna areagotu baitzen. Luzapenean, beste bi gol sartu zituzten Natalia Arroyoren neskek: Cecilia Marcosek laugarrena sartu zuen eta Franssik bosgarrena.