Sexu eraso bat izan da Donostiako hotel batean
Astelehen gauerdian Ertzaintzak 19 urteko gizon bat atxilotu zuen, sexu indarkeria kasu batengatik. Gertaturikoa gaitzesteko minutu bateko isilunea egin dute urteko lehen udalbatzarrean.

Hiriko hotel batean gertatu zen sexu erasoa, bikote batek han ostatu hartu ondoren. Ertzaintzak emakume baten abisua jaso zuen, esanez bikotekidea bera bortxatzen saiatu zela. Biktima gelatik atera zen, eta ertzainek zein osasun zerbitzuek artatu zuten hoteleko harreran. Emakumeak indarkeria zantzuak zituen lepoan, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Ospitalera eraman zuten emakumea anbulantzia baten bidez. Bestalde, ertzainak erasoa gertaturiko gelara joan ziren, gizona identifikatu eta atzeman zuten. Atxilotua epaileen esku utzi zuten.
Donostiako Udalak azken sexu erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala plazaratu du. Babesa eta elkartasuna adierazi nahi diote erasoa jasan duen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Horrekin batera, minutu bateko isilunea egin dute urtarrileko udalbatzarra hasi baino lehen.