"Tabernak ixtea ez da irtenbidea"
Hiriak 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu zuen asteartean. Ondorioz, bihartik aurrera, ostalaritza establezimendu guztiak itxi beharko dituzte, Donostia berriz ere eremu gorritik irten arte, gutxienez.

Donostia koronabirusaren kutsatzearen intzidentzia mailaren eremu gorrian sartu da aste honetan, eta bihartik, hilaren 29tik aurrera, ostalaritza establezimenduak itxi egingo dituzte berriz. Ez da tabernak eta jatetxeak ixten dituzten lehenengo aldia, baina ostalariei gero eta zailagoa egiten zaie egoerari aurre egitea. Horrela azaldu du Patxi Ibañezek, Egiako Ostotsa tabernako arduradunak: “Etengabeko ezegonkortasunean bizi gara, ez dakigulako noiz arte itxi beharko dugun taberna”.
Era berean, ixteak dakarren buruhaustea salatu du Ibañezek: “Hirugarren aldiz behartuko gaituzte ixtera, eta hirugarren aldiz egin beharko ditugu izapide guztiak, laguntzak eskatzeko, eta abar”. Ildo beretik jo du Groseko La Tita Lupe tabernako Yolanda Bañuelosek: “Putakeria handia da ixtea. Beste behin, laguntza eskatzera joango gara, baina momentuz ez dugu ezer jaso; datozen hilabeteetan kobratuko dugula esan digute, baina orain arte zer?”.
La Tita Lupe izan da azken asteotan Donostiako Udalaren partetik aparkalekuak zeuden lekuetan terraza jartzeko baimena jaso duen establezimenduetako bat: “Itxaropena piztu zitzaigun terrazaren baimenarekin; pentsa, taberna barruan hamabost pertsonarentzako edukiera daukagu, beraz, terraza izatea beste taberna bat izatearen modukoa da”. Ordea, Bañuelosek salatu du ez dutela izan terraza amortizatzeko aukerarik: “Orain arte, soilik kostuak ekarri dizkit terrazak, muntaketa guk ordandu baikenuen, eta denbora gutxian itxie gin digute. Esan digute datozen hilabeteetan ordainduko digutela, baina ikusiko dugu”.
Bestalde, pandemiaren kudeaketarekin haserre agertu dira Ibañez eta Bañuelos: “Tabernak ixtea ez da irtenbidea”. Bañuelos harago joan da: “Irtenbidea jendea ondo kontrolatzea da, ostalaritzan ez baitago kutsatzeen fokua, bizitoki berekoak ez diren pertsonen bileretan dago. Kudeaketa penagarria izaten ari da”. Hala ere, bezeroei eskerrak eman nahi izan dizkie La Tita Lupekoak: “Goizetik etorri zaizkit animoak ematera, espero dezagun laster berriz elkar ikustea!”.