Herrerako tren geltokia hobetzeko unea iritsi da
Auzotarren eta erabiltzaileen aspaldiko eskaera beteko du Renfek. Lanak duela urtebete adjudikatu ondoren, azkenik, aldirietako tren geltokiaren irisgarritasuna bermatuko dute. Besteak beste, bi igogailu jarriko dituzte nasen arteko komunikazioa ahalbidetzeko.
Datorren astelehenean hasiko dira Herrerako tren geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak. Renfek 2,2 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta obrak bukatzeko epea hamalau hilabetekoa izango da. Helburua erabilera erraztea da, batez ere mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Geltoki osoaren irisgarritasuna bermatzeko hainbat hobekuntza egingo dituzte. Nasen altuera igoko dute 68 zentimetroko kota aktiboraino, eta bi igogailu jarriko dituzte nasen arteko komunikazioa bermatzeko. Era berean, eskailera berriak egingo dituzte azpiko pasabidearen eta nasen artean. Horrez gain, pasabidea egokitu eta luzera murriztuko dute erosotasuna zein segurtasuna hobetzeko. Bidaiaren bi artepeen ordez eraikin berriak jarriko dituzte, bana nasa bakoitzean. Geltokira sarbidea bermatzeko, bigarren nasako bidaiarien eraikinera sartzeko aldapa bat ere egingo dute.
Lanak egiteko zola jarriko da nasetan ez labaintzeko, eta beharrezko ertzetako elementuak kokatuko dira, segurtasuna bermatzeko. Hobekuntza proiektuan jasotako jarduketen artean dago, besteak beste, azpiko pasabidearen argiztapena eta estaldurak berritzea. Horrekin batera, altzari elementu eta instalazio guztiak egokitu, berriz jarri eta kokatuko dira, baita LED motako argiztapena, ekipamendua eta seinalizazioa ere.
Hogei urte inguru
«Geltokia berritzeko eskaera aspaldikoa da. Duela hogei urte hasi ziren geltokia hobetzeko eskaerarekin. Topoko obra egin zutenean, intermodal bat egiteko aukera aztertu zen, bi geltokiak lotzeko. Ordea, administrazio bakoitzak [Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak] bere aldetik jotzea erabaki zuen», azaldu du Jose Angel Apaolazak, Herripe auzo elkarteko kideak.
Aste honetan jaso du proiektuaren txostena auzo elkarteak. Pozik daude aurreikusten dituen hobekuntzekin, eta dituen gabeziak konponduko dituela uste dute. «Irungo noranzkoan dagoen nasa, ez da batere irisgarria. Eskailera asko ditu igotzeko, eta ez dago beste aukerarik. Legez kanpokoa da sarbidea. Askotan salatu dugu, baina udalak beti Adifen ardura dela esan digu», esan du Apaolazak.
Proiektua aztertuta, kezka nagusi bat dutela gaineratu du: «Bi igogailu jarriko dituzte, eta jakin nahiko genuke ea Oxigraf fabrikaren aldeko nasan jarriko dutenak zerbitzu zabalagoa emango duen. Igogailu hori geltokitik harago badoa, hobekuntza oso handia izango litzateke. Oletan, Jolastokieta zaharrean eta Ermita bidean adineko jende asko bizi da». Beste kezka bat ere badu auzo elkarteak. «Herrerako geltokiko pasabidearen gainean Altzako armarria dago, eta lanak egiterakoan mantentzea nahi genuke», esan du Apaolazak.
Auzoan harrera ona izan du albisteak, eta lanak hastea nahi dute. Lazkano-Urkiola familiak gutxi erabiltzen du Renferen tren zerbitzua, geltokia ez delako irisgarria. «Daukagun arazoa da noranzko bat ondo dagoela haurren aulkiarekin ibiltzeko, baina bestea ez. Erdialdera jaisteko erabili izan dugu, baina Herrerara itzultzeko beste garraio publiko bat hartzen dugu». Herripe auzo elkarteak egindako lana aitortzearekin batera, iritzi bera dute igogailuen erabilgarritasunari dagokionez. «Auzoari begira, ondo legoke jarriko dituzten igogailuak ez izatea soilik Renferen zerbitzurako».
5,9 milioi bidaiari
Herrerako geltokia Gipuzkoako aldirien guneko C-1 linearen parte da. Urtero, 5,9 milioi bidaiarik erabiltzen dute. Geltoki horretan aldirietako trenen 78 zirkulazio izaten dira egunean, eta Donostiako geltokira iristeko 8 minutu behar ditu trenak.