Metroaren lanak Kontxa azpian egitea "arriskutsua" da
Satorralaia bizilagunen elkarteak Kontxako hondartzan elkarretaratzea egin du gaur eguerdian, eta “metroaren lanak Kontxako hondartzaren azpian egiteak dituen arrisku larriak” salatu dituzte. Elkarretaratzea egin ari zirela, lan istripu bat gertatu da Bentaberriko plazako metroaren lanetan. Langile bat zauritu da kofratu kutxa batek kolpatuta.
Elkarretaratzea eta gero, agerraldi informatibo bat egin dute. Metroaren Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza proiektuari buruzko ohartarazpen “argigarriak” publiko egin dituzte Kontxako pasealekuan.
Ekainaren 5ean, Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren zimenduei kalteak eragin zien lur-jausia gertatu zen, tunelaren zulaketa lanak egiten ari zirela. “Baldintza geotekniko txarrak” dituen eremua da hori, eta Satorralaiakoek azaldu dutenez, “tamaina handiko leize” batekin hondeamakinek topo egiteak eragin zuen lur-jausia eta ur-barneratze “garrantzitsua”. Kontxako hondartza azpiko lurra kareharrizkoa da, eta hutsune eta leize asko ditu Satorralaiaren arabera, “arrokaren hausturetatik barrena dabilen itsasoko urak areagotu behar izan duen karstifikazioaren ondorioz”.
“Eraikinen osotasunari kalte egin ahal zaio”
Metroaren lanen bigarren faseko proiektuak ohartarazi du lur azpian leize asko daudenez, tunelak “ehundaka metrotako distantzian” desegonkortzeak eragin ditzakeela lurrazalean, eta “trazaduratik oso urrun dauden eraikinen osotasunari ere kalte egin ahal zaiolarik”. Are, desegonkortzeak berriro gertatzeko arriskuaz ohartarazi du Satorralaiak.
Ur-isuriak ekiditeko, tunelaren sekzio osoa betetzen duen zementuzko kontrahorma bat eraiki zuten. Kontrahormaren argazkia “kezkagarria” da, Satorralaiakoen arabera. Gainera, pasa den abuztutik zementuzko injekzioak egiten ari dira Kontxako hondartzan, eta Kontxako pasealekuan “altuera-goratzeak” hautematearen ondorioz, injekzioen presioa murriztu dute. Injekzio horiek “leizeen eta barrunbeen neurri errealak zehazki ezagutu gabe” egiten ari direla salatu du Satorralaiak.
Itsasertzetako Zerbitzuak metroaren lanetako tunelaren eraikuntza eteteko eskatu du, hondartzaren errealitate fisikoan “eragin kaltegarria” duelako. Satorralaiak ere Mirakontxa-Easo tarteko lanak gelditzeko eskatu du, “obra egiteak dakartzan ingurumen-erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza-arrisku oso larriak kontuan hartuta”.
Satorralaia Larreko Mahaiaren parte da, eta bihar Aldaketaldiaren egitasmoa manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute. 17:00etan abiatuko da Egiako parketik.