"Ama lurra defendatzeko" kalera atera dira ehunka herritar
U30 Aldaketaldia egitasmoaren manifestazioa egin dute gaur, eta larrialdi ekologikoari aurre egiteko "agenda ekologista" baten beharra nabarmendu dute.
U30 Aldaketaldia egitasmoaren manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Donostiako kaleetan. Egiako Parketik Bulebarrera ehunka herritarrek aldarrikatu dute larrialdi ekologikoa ez dela urruneko kontu bat, baizik eta Euskal Herrian ere sortzen dugula. Larreko Mahaiak antolatu du manifestazioa: denetariko sindikatu, talde ekologista, gazte antolakunde eta gizarte eragilek osatzen dute, eta gehiagok egin dute bat egitasmoarekin. Manifestazioaz gain, egitasmoaren barruan hainbat herritan hamarnaka ekitaldi egiten ari dira, Satorralaiaren protesta informatiboa eta Errausketaren aurkako mugimenduaren elkarretaratzea, esaterako.
Larrialdi ekologikoa arazo globala denez, lokala ere badela azaldu du Juanmi Galatas Larreko Mahaiko bozeramaileak: “Gure kontsumo mailarekin, azpiegitura erraldoiekin, trafiko izugarriarekin sortzen laguntzen dugu larrialdi ekologikoa. Planeta hemen hasten da: hemen egiten dugunak eta ez dugunak eragina du planeta osoan. Arazo global hori lokalera bihurtzea da Aldaketaldiaren helburua”.
“Larrialdi klimatikoaren aurrean herri honek aldaketarako borondateari heldu eta aktibazio fase berri baten aurrean kokatzeko ekimena” da Aldaketaldia, Larreko Mahaiko beste kide baten arabera. Kapitalismoa da larrialdi klimatikoaren erantzulea, bere esanetan: “Sistema oso baten izatea bermatzeko beharrezkoak diren arpilatze, desjabetze, ustiaketa, ekoizpen eta kontsumo logika bidegabe eta bideraezin bat dago larrialdi horren atzean. Beraz, sistema ekonomikoaren hazkunde mugagabea eta trantsizioa uztartzeko proposamenetatik ez da etorriko erantzun eraginkorrik. Kapitalismo berdea ez da aukera, kapitalismo jasangarririk ez baita existitzen”.
Zaldibar gogoan izan dute
Zaldibarreko (Bizkaia) zabortegiaren amiltzearen urteurrenarekin bat egin du egitasmoak, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen heriotza eta amiantoaren isurketa salatu dituzte. Zaldibar Argitu plataformakoen mezu bat irakurri dute, eta “emandako babesa” eskartu diete bertaratutakoei. “Dirua lortzea beste helbururik ez duen enpresa batetik hasita, han gauzak gaizki egiten ari zirela jakinda beste alde batera begiratu duen Eusko Jaurlaritzarekin jarraituz, guztiak ekarri zuen gertatu behar zuena: ez zen istripu bat izan. Eredu berdinarekin beste hainbat zabortegi, erraustegi eta instalaziok funtzionatzen dute: esku pribatuetan utzi ditugu zerbitzu publikoak, eta Eusko Jaurlaritzak ez du ezer gainbegiratzen. Dirua irabazi beste helbururik ez dute, eta hori gelditu behar dugu”, adierazi du Galatasek.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko, “bizitza erdigunean duen eredua” defendatu du Larreko Mahaiak: “Hori ezinbestean sakoneko aldaketak proposatzetik etorriko da, planetaren mugak are gehiago ez gainditzeko. Oligopolio eta negozioaren praktika menderatzaileen aurrean, eta inor atzean geratu ez dadin, beharrezkoa da printzipio demokratiko eta ekologikoetan oinarritutako ikuspegia txertazea”. Horretarako, herritar eta eragileak saretzearen alde egin dute, eta “agenda ekologista” baten beharra nabarmendu dute.
Nerea Telleria Fridays for Future taldeko kideak eta Juanmi Galatas Larreko Mahaiko bozeramaile eta Errausketaren aurkako mugimenduko kideak U30 Aldaketaldiaren inguruan jardun dute:
Gaurko manifestazioak utzitako irudiekin, argazki bilduma zabala osatu dugu: