Gaikako zabor bilketa "oso eskasa" dela salatu dute gaur
Donostia da Gipuzkoan errefus gehien sortzen udalerria, Errausketaren aurkako mugimenduaren arabera: "zehazki pertsonako 288 kilo errefus".
Donostia Bizirik eta Errausketaren aurkako mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Donostiako udaletxearen aurrean, hiriko zaborraren gaikako bilketa “oso eskasa” dela salatzeko. Juanmi Galatas Errausketaren aurkako mugimenduko kidearen arabera, Donostia da Gipuzkoan errefus gehien sortzen udalerria: “zehazki pertsonako 288 kilo errefus”. Donostiako Udalari egotzi diote erantzukizun nagusia, eta Zubietako erraustegiari “mesede” egiten diola salatu du Galatasek: “Udalak ez du pausurik ematen hori hobetzeko eta interesatzen zaio ahal den errefus gehiena sortzea. Oso ondo datozkio erraustegiari 2019an sortu ziren 53.000 errefus tonak: erregai ezinhobea dira. Gipuzkoako beste herrietan bezala, biztanleko 100 kilo baino gutxiagotan baleude, ez legoke erraustegiarentzat justifikaziorik ezta erregairik ere”.
Bretxa merkatuko McDonalds jatetxeak “astean gutxi gorabehera 100 errefus poltsa” ateratzen dituela ere salatu dute. Are, “ostalaritzako establezimendu eta denda batzuek izugarrizko errefus kopurua ateratzen dute”, salatu du Errausketaren aurkako mugimenduko kideak. “Hori udalak oso ondo daki baina ez du ezertxo ere egin nahi aldatzeko”, gehitu du.
Zabor bilketako beste eredu batzuen alde egin dute Ijentea kalean elkartutakoek: “Batetik, atez atekoak ondo funtzionatu du. Bestetik, txip bidez kontrolatutako edukiontziak dituzten herrietan pertsonako 100 kilo errefus baino gutxiago sortzen ari dira”, azaldu du Juanmi Galatasek.
GuraSOS plataformaren elkarretaratzea
Aurreko larunbatean, GuraSOS plataformak deituta ehunka herritarrek giza kate bat osatu zuten Justizia Jauregiaren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren artean “osasuna, ingurumena eta justizia” aldarrikatzeko. Gai kutsagarriak isurtzen dituzten azpiegituren “kontrol demokratikoa” ere eskatu zuten. Zubietako erraustegiaren “arriskuaz” ohartarazi zuten.