Amara Berriko bi ikastetxeren jolastokietan estalki bana jarriko dute
Donostiako Udalak bihar onartuko du Amara Berriko bi ikastetxetan estalki bana jartzeko proiektua. Zehazki, Amara Berri Morlans eta Ikasbide ikastetxeen jolastokietan jarriko dituzte. Horrela, ikasleek jolas orduetan eremu estali bat izateko dituzten beharrei erantzungo die udalak.
“Bi instalazioak ahalik eta azkarren jartzea erabaki dugu, aintzat hartuta ikastetxe horiek jolastoki estali bat behar dutela. Bereziki, eguraldi txarra egiten duen egunetan, eta pandemiak eragindako egoerarengatik”, azaldu du Ane Oiarbide Hezkuntza zinegotziak.
Bi ikastetxetan isuriko karpak jarriko dituzte. Morlanskoan 40×20 metrokoa izango da, eta Ikasbidekoan 40×25 metrokoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Udalaguntza 2020 programako diru laguntzak jasoko dituzte. Programa horrek karpa horiek jartzeko eta alokatzeko gastuaren %90a ordainduko du, eta, guztira, 175.927 euroko aurrekontua du. Karpak jartzeko hiru enpresekin jarri dira harremanetan, eta lan horiek martxoan egingo dituztela aurreikusten du udalak.