Bidebietako frontoiaren ondoko espaloiko irisgarritasuna hobetzeko eskatu diote udalari
Bidebietako Auzokide auzo elkarteak eta Bidebieta-La Paz bizilagun taldeak auzoko udal frontoiaren ondoko espaloiko irisgarritasuna hobetzeko eskatu diote Donostiako Udalari, bizilagunen kexak aintzat hartuta. Izan ere, espaloia estua da, eta ondoan aparkatutako ibilgailuek espaloiaren zati bat hartu ohi dute, adinekoen eta mugikortasun arazoak dituzten herritarren irisgarritasuna oztopatuz.
Horren aurrean, Serapio Mujika kaleko 23. zenbakiko hainbat bizilagun eta frontoiaren hainbat erabiltzaile kexatu egin dira, eta aipatu eragileek udalera eraman dute aldarrikapena. Era berean, aparkalekuetan autoentzako mugak jartzea proposatu dute, espaloira iritsi ez daitezen. Auzokidek azaldu duenez, ostiralean aurkeztu zuten eskaera, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.