'Anderea' dokumentala jarriko dute Bagerak otsailan egingo duen zineforumean
Bagera Euskalzaleen Elkarteak otsaileko jardueretako xehetasunak iragarri berri ditu. Otsailaren 10ean, zineforuma egingo dute, Kresala zineklubarekin batera antolatuta. Horretarako, Anderea dokumentala aukeratu dute, Yolanda Mazkiaranena, euskaraz egindakoa. Dokumentalak Mari pertsonaia mitologikoari buruz dagoen ezagutzan sakontzen du Euskal Herriko hainbat adituekin. “Zer dago elezahar ugaritan arrastoa utzi, hainbat leizeri izena eman eta gailur batetik bestera igarotzen irudikatu den pertsonaiaren atzean?”. Proiekzioa eta filmari buruzko solasaldia 18:30ean izango da, Lugaritz Kultur Etxean, eta zuzendariak parte hartuko du. Ander Gisasola Kresala zineforumeko arduradunak dinamizatuko du. Lanaren teaserra ondoren ikus daiteke:
Bikografiak saioan, berriz, Iker Lauroba musikaria eta Ainara Azpiazu ‘Axpi’ ilustratzailea izango dira. Saioa otsailaren 26tik, ostiraletik, aurrera ikusi ahalko da. Bageraren Youtubeko kanalean 18:30etik jarriko dute; Hamaika Telebistan, berriz, gaueko 22:00etan emango dute.