Igeldoko itsasargiko errepidea konpontzea premiazkotzat jo du udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Igeldoko Itsasargiaren pasealekuko galtzada egonkortzeko lanak kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen larrialdia deklaratzea, premiazkotzat jo baitu errepidea konpontzea. Hain zuzen, Lanbide Ingenieria S.L. enpresaren balorazio txostena onartuz hartu dute erabakia, errepidea egonkortzea premiazkoa dela nabarmentzen baita txosten horretan. Era berean, lanak Construcciones Moyua S.L. enpresari adjudikatzea onartu dute.
Arazoa urtearen lehenengo egunetan hasi zen, euriak luizi bat eragin baitzuen Itsasargiaren pasealekuan. Galtzadako asfaltoa hondoratu egin zen, eta pitzadurak agertu ziren. “Horrek adierazten du lurra zanpatu egin dela eta euste-horma deformatu egin dela. Galtzadaren hondoratzea Itsasargiaren Pasealekuko 73. zenbakiaren parean dago, eta gainera, eragina izan du edateko uraren eta gasaren hodietan baita galtzada eusteko horman bertan ere”, azaldu du udalak.
Udalaren arabera, bidearen egoera are gehiago okertu daiteke: “Arrisku larria dago hondoratzeak eboluzionatzeko eta errepidea bera eta euste-horma gehiago kaltetzeko. Ondorioz, arrokak, hormaren zati batzuk eta behealdeko lurrak behera erori daitezke, Haizearen Orraziaren pasealekuraino. Era berean, funtsean, etxebizitzetarako ohiko sarbidea moztuta egoteak konplexutasun handia dakar, eta ibilbide askoz ere luzeagoa larrialdietako ibilgailuentzako”.