Amiantoa duten hondakinak Martutenetik kentzeko eskatu dio LABek udalari
LAB sindikatuko Industria sailak salaketa bat aurkeztu du Donostiako Udalaren aurrean, Martuteneko Larrañategi bidean dauden hondakin kutsakorrak kendu ditzatela eskatzeko. Hondakin horiek amianto kantzerigenoa dutela salatu dute, baita babestu gabe dagoela ere: “Euriarekin eta haizearekin, ingurumenarentzat, lurrarentzat eta zuntz horiekin kontaktuan egon daitekeen edonorentzat dakarren arrisku larria nabarmentzen dugu”, adierazi du sindikatuak.
Hondakinek, gutxienez, azaroaren 30etik Martutenen daramatela salatu dute, eta behar bezala kentzeko eskatu diote udalari, baita eremua babesteko eta hondakinak han utzi izanaren arduradunak bilatzeko beharrezko jarduketak egiteko ere.
Era berean, jakinarazi dute udalak beharrezko neurriak hartzen ez baditu Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzara joko dutela.