Donostiarren %27ak babes ofizialeko etxebizitza eskatu du, EH Bilduren arabera
Donostiako Udalaren etxebizitza-politika “negargarria” dela adierazi du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Azaldu duenez, Donostiako Etxegintzaren eskaerei erreparatuta, Donostiako biztanleen %27ak babes ofizialeko etxebizitza bat behar luke. “Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, Goia alkatearen helburua ezarritako gutxienekoak betetzea dela, eta Erdigunetik zenbat eta urrunago eraikitzen badira, hobeto”, azaldu du Burutaranek.
Bestetik, EH Bilduko zinegotziak salatu du Aldakonean ez dutela babes ofizialeko etxerik egingo. “Deigarria egin zaigu Egia auzoan 1.963 eskaera aktibo daudela eta Grosen 2.341”, adierazi du.
“Estrategia integrala” behar du udalak etxebizitzaren alorrean, Burutaranen arabera: “Neurri desberdinak jarri behar dira martxan: etxebizitza hutsak merkatura ateratzea, pisu turistikoak mugatzea, legez alokairuaren prezioa mugatzea… Eta beste jarduera-ildo bat etxebizitza babestuen udal-parkea handitzea da, batez ere alokairu sozialean”.