Elkarrekin Donostiak dio udal aurrekontuek ez diotela hiriaren egiturazko arazoei aurre egiten
Udal gobernuaren 2021eko aurrekontu zirriborroa kritikatu du Elkarrekin Donostiak. “COVID-19ak sorturiko diru bilketaren jaitsierara doitzen dira, baina egiturazko arazo horiei aurre egin gabe”, adierazi du Aitzole Araneta bozeramaileak. Udal taldearen arabera, aurrekontuek ez dituzte aintzat hartzen hiriak etxebizitzaren arloan, enpleguaren kalitatean, zaintzekin lotutako enpleguen prekarietatean edo saltoki txikien egoera zailean dituen gabeziak. “Gainera, pandemiak gabezia horiek gehiago agerian utzi ditu”.
Etxebizitza alorrean dagoen gabezia azpimarratu du. “Azken hilabeteetan asko hitz egin da etxean geratu behar dela osasuna zaintzeko, baina hiri honetako arazo nagusietako bat da, hain zuzen ere, zein zaila den etxebizitza bat prezioengatik eskuratzea”. Enpleguari dagokionez, ondorengoa esan du: “Ez da gauza bera egoera honi aurre egitea telelanean aritzea ahalbidetzen dizun enplegu on batekin, edo baldintza duinak izatea, ABEE egoeran bazaude, edo Donostian azken urteetan sortu diren enplegu ugarietako batekin, turismoarekin lotuta, eta askotan aldi baterakoak edo lanaldi partzialekoak”.
Pandemiak zaintzarekin loturiko prekaritatea agerian utzi duela dio Aranetak. “Hori dela eta, funtsezkoa da zaintzaren sektoreari balioa ematea, eta zerbitzu publiko indartsuak izatea, bizitzen ari garen bezalako egoerei aurre egin ahal izateko”. Saltoki txikiek bizi duten egoera larriari udal gobernuak erantzunik eman ez izana kritikatu du. “Lehen ere salatu genuen hiriko denda txikien egoera oso zaila zela, eta orain, zoritxarrez, askok pertsiana behin betiko itxi beharko dute”.
Elkarrekin Donostiaren ustez, hirian dauden arazoei alderdi guztiek erantzun bateratua eman behar diote. “Hiri gisa indartuta atera bagaitezke, etxebizitza eskuratzea, enplegu duina, politika feministak eta hurbileko merkataritza babestea bezalako gaiak indar politiko guztien konpromisoa izatea lortuko dugu”, esan du Aranetak.