Nosferatu zikloarekin bat eginez, Luis Buñuel zinemagileari buruzko liburua aurkeztu dute
Luis Buñuel zinema zuzendaria da aurtengo Nosferatu zikloaren protagonista. Hari buruzko liburua argitaratu dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak. Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak eta Jesus Angulo kritikariak koordinatu dute 300 orrialde inguru dituen argitalpena.
“Maisulan ugari zuzendu zituen Aragoiko jenioa ondo ezagutzen duten adituen 18 artikulu ditu argitalpenak. Helburua Buñuelen inguruko ikuspegi ugari eskaintzea izan da, baita akademia-munduaren zein oro har zinemazaleen interesa piztea ere”, azaldu dute arduradunek.
Askoren iritziz, Espainiako zinemaren historiako zuzendari onena da Buñuel, Angulok eta Fernandezek liburuaren sarreran aipatu dutenez. Artista “aske eta erostezina” izateaz gain, bere “ezohiko originaltasuna” nabarmendu eta “moralismo eta dogmatismoetatik urrun” lan egin zuela gogoratu dute. “Buñuelen lana uharte bat da, zaila da etiketatzea, baina paradoxikoki, erraz igar daiteke”, gaineratu dute koordinatzaileek. Argitalpena aurki egongo da salgai liburu dendetan eta Tabakalerako bonua erosten dutenek doan eskuratzea izango dute.
Carlos Saura zuzendariak, Buñuelen ikasle onenetakoak, bi ekarpen egin dizkio argitalpenari: alde batetik, berea da liburuaren azaleko argazkia –Buñuel albora begira agertzen da Toledon ateratako irudian–, eta bestetik, hitzaurrea sinatu du, 1983 hil ondoren maisuari omenaldi gisa eskaini zion argitaratu gabeko gutuna.
Euskarazko liburua
Bestalde, Buñuelen euskarazko jatorrizko liburua prestatzen ari da Harkaitz Cano idazlea. Ariketa “libre eta jostaria” izango dela adierazi du. Urte honetan kaleratuko den liburua ez da ohiko ikerketa bat izango, Buñuelen surrealismoan murgilduko den sormen lana baizik. Besteak beste, bere filmetako eszena batzuetatik eta Mi ultimo suspiro bere memoria liburu ezagunetik abiatuko da, eta zuzendariak Donostiarekin izan zuen loturarekin espekulatzeko asmoa ere badu Canok.