Bi hilabeteko «konfiantzazko botoa» eman diote udalari
Txomiñeneko urbanizazio lanek eragindako arazoekin kezkatuta daude bizilagunak. Udalaren garbiketa eta mantenu zerbitzurik gabe daude, eraikuntza enpresak obra bukatu ez duelako. Udal gobernuak ziurtatu die hobekuntzak eta konponketak egingo dituztela.
«Abandonatuta sentitzen gara». Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteak urteak daramatza mezu bera errepikatzen. Gaur egun, auzoko hirigintza proiektua dela eta, arazo zahar eta berriak pilatu zaizkie. Etxebizitza berriak eraiki dituzte Txomiñenean, baina bukatu ez diren urbanizazio lanek makina bat afekzio eragin dituzte: zikinkeria, arrakalak espaloi eta eraikinetan, argiteria arazoak, eta askotariko matxurak.
Txomiñeneak bizi duen «utzikeria» salatu du auzo elkarteak. Denbora daramate udaleko garbiketa eta mantenu zerbitzurik gabe. Horri «benetako irtenbide» bat emateko udalarekin bildu ziren pasa den asteko ostegunean. «Bi hilabetetan falta diren konponketak bukatuko dituztela ziurtatu ziguten. Daramaten erritmoa ikusita, motz geratuko zirela adierazi nien. Horrela ere, bi hilabeteko konfiantzazko botoa eman diegu», dio Lanberriko presidente Edurne Burutaranek. «Hobekuntzak egingo dituztela esan digute, baina bileran konturatu ginen ez dutela konpondu behar diren gauzen zerrendarik. Gorabehera guztiak ez dituzte ezagutzen. Are gehiago, auzoko afekzioen argazkiak eskatu zizkiguten. Ezin dute udal teknikaririk bidali? Eta ez badakite zer den konpondu beharrekoa, zertarako jarri dute epe bat?», gaineratu du Jesus Alcalde auzo elkarteko kideak.
Urtarrileko udalbatzarrean aurreratu zuen udal gobernuak Lanberrirekin elkartzekoak zirela. Horrekin batera, auzo elkartearekin «harreman zuzen eta estua» dutela esan zuen Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak. Era berean, auzoaren «egoera» eta «afekzio guztien berri» dutela azpimarratu zuen Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek. «Udalbatzarrean gezurra esan zuten. Udalarekin ez dugu harreman zuzenik, eta ez dira auzora etorri ditugun arazoak ikustera», esan du Fernando Romanek, auzo elkarteko presidenteordeak. «Lanek eragindako arazoak salatzen hasi ginenetik, Eneko Goia alkatea ez da etorri Txominera. Gutxienekoa iruditzen zaigu», gaineratu du.
‘Erdian harrapatuta’
Donostiako Udalaren eta Amenabar eraikuntza enpresaren arteko «gatazkaren erdian harrapatuta» daude Txomiñeneko bizilagunak. Urbanizazio lanak bukatu bitarte, enpresarena da afekzio guztien ardura. Behin obra horiek bukatuta, udalaren eskumenekoa izango da. «Batak besteari egozten dio errua, eta galtzaile bakarrak auzotarrak gara. Gainera, arazo bat dago. Oraindik Eusko Jaurlaritzaren bi etxebizitza eraiki behar dituzte. Dirudienez, eraikin horiek eremu urbanizatuak izango dituzte, eta Amenabarrek egin behar ditu. Beraz, etxe horiek egin arte berdin jarraituko dugu? Hori galdetu nion udalari, eta irtenbideren bat lortzen saiatuko direla esan ziguten», azaldu du Burutaranek.
Urbanizazioren aferaz harago, onarturiko proiektuak «behingoz» abian jartzea eskatu dute. Hala nola, Arteleku plaza, kirol-guneak, anbulatorio berria, auzo elkartearentzako lokal berria –40 urte baino gehiago ditu, eta txiki zein zaharkitua geratu da– eta Renfeko geltoki eraberritua. Horien epe zehatzak «zehaztu gabe» daudela nabarmendu dute.