Gazte Koordinadora Sozialistak poliziak "gazteen zapalkuntzan" duen funtzioa aztertzeko dinamika politikoa abiatuko du
Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) dinamika politikoa abiatuko du gaur, hilaren 5ean, “gazteen zapalkuntzan indar errepresiboek betetzen duten funtzioa aztertu eta salatzeko”. Dinamika horren baitan, hainbat jardunaldi egingo dituzte, eta lehenengoa gaur izango da. Hain zuzen, mahai-inguru bat egingo dute Intxaurrondo Kultur Etxean, 18:30ean: “Gazte kriminalizazioa eta errepresioa landuko ditugu, eta dinamikaren aurkezpen modura gazte langileon zapalkuntzan errepresioak betetzen duen papera aztertuko dugu”, azaldu dute.
Hurrengo jardunaldia datorren ostiralean, hilaren 12an izango da, 18:30ean. Okendo Kultur Etxean elkartuko dira, eta poliziaren funtzioa aztertuko dute, baita gazte etorkin baten eta Parte Zaharreko gazte baten testigantzak jaso ere. Amaitzeko, militante batek polizia indarren egiturazko funtzioen inguruko hitzaldia eskainiko du.
Hurrengo egunean, hilaren 13an, Bulebarrean elkarretaratzera deitu dute, 18:00etan, Euskal Herriko beste hainbat lekutan egingo duten moduan: “Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenaren aurrean burgesiaren ofentsiba gelditzea aldarri. Bertan osasun larrialdiaren aurrean burgesiak aterabide poliziala hautatu izana jarriko dugu mahai gainean, horrek ekarri duen indar polizialen jazarpenaren handitzea salatuz”.
Azkenik, hilaren 26an hitzaldi bat eskainiko dute: “Gazte langileok errepresioaren aurrean antolakuntza komunistaren aldeko hautua egitearen garrantzia azpimarratuko dugu”, adierazi dute.