Kalderero sinbolikoak, Juan Maria Ulloaren omenez
Kaldereroetako zartagin hotsak eta Raimundo Sarriegiren doinuak entzun beharko lirateke bihar Donostian. Aurten, ordea, ezin izango da ospakizunik egin, baina hainbat musikari eta abeslari elkartu egin dira, Juan Maria Ulloa Groseko kaldererotako zuzendari hilberria omentzeko.

Azken urteko jai guztiekin gertatu den moduan, koronabirusaren pandemiak kaldereroak ere baldintzatu ditu, horregatik, bihar ez da zartagin hotsik entzungo Donostiako kaleetan, eta hartzak datorren urtera arte lo egiten jarraitu beharko du.
Hala ere, kaldereroak presente egongo dira hirian, sinbolikoki bada ere. Izan ere, Txistua Astintzen txistulari taldeak egitasmo sinboliko bat abiatu du, Eskola Dantza Taldearen inguruan mugitu ohi diren hainbat abeslarirekin batera. Felix Azpiroz abeslaria eta Txistua Astintzen taldeko txistularia da horietako bat: «Groseko kaldereroetako txarangan jo ohi duen musikari bat gure jolaskidea da, eta proposatu digu kaldereroetako errepertorioko hamaika abesti grabatzea, jaia aurten ere presente egoteko. Gainera, guk Groseko konpartsarekin abestu izan dugu hainbat urtez, eta Juan Maria Ulloa gogoan izanda egingo ditugu grabaketak. COVID-19aren garaian horrelako omenaldiak baino ezin dira egin».
Azaldu duenez, «donostiar guztiek ezagutzen dituzten abestiak» grabatuko dituzte, 14 bat lagunen artean: «Sei lagun arituko gara abesten, eta Txistua Astintzen taldeko sei edo zazpi musikarik joko dituzte Sarriegiren doinuak. Ondoren, gure taldekide batek bideoa editatuko du, pieza guztiak elkartuta». Abeslariek elkarrekin grabatuko dituzte abestiak, eta txistulari bakoitzak bere aldetik grabatuko du bere zatia.
Bideo horiek Iñaki Aizpurua Gonzalez taldekidearen Facebook orrialdean zabalduko dituzte: «Aste honetan grabatu dugu lehenengo kantua, eta gainontzekoak grabatu ahala joango gara plazaratzen. Gutxi gora-behera, astero abesti bat argitaratuko dugu; lehenengoa Begi Urdin abestia izango da, eta bihar aterako dugu», azaldu du Aizpuruak berak.
Kaldereroetako kantuez gain, inauterietako 40 pieza ere grabatu dituzte Txistua Astintzen taldekoek –Facebooken daude entzungai jada–, eta San Fermin jaietako kantuak ere grabatzen ari dira, dagokienean argitaratzen joateko.
Juan Maria Ulloa
Iazko azaroaren 19an zendu zen Ulloa, eta Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsak atsekabe handiz hartu zuen albistea.
Konpartsa 1985ean sortu zuten auzoko bizilagun batzuek, eta berehala elkartu zitzaizkien Groseko elkarte, ikastetxe eta kuadrilla batzuk. Urteen joan etorrian, konpartsak hainbat aldaketa izan izan zituen, eta 2007an Ulloa zuzendari postuan berretsi zuten. Horregatik, oso pertsona maitatua zen kalderero zaleen artean. Groseko kaldereroek momentuz ezin izango dute euren zuzendari ohia omendu, baina modu sinbolikoan bada ere, merezitako omenaldia jasoko du.