Tren lasterrak paretik kendu ditu bizilagunak
Martuteneko Erbetegi etxea hustu dute Abiadura Handiko Trenaren lanen ondorioz. Adifek lursaila desjabetu du trenbidea zabaltzeko. Garikoitz Arrese-Igor bizilagunak ez du desjabetze akta sinatu, eta «borrokan» jarraituko du «bidezko akordioa» lortu arte.
Etxea hustu du. «Nire bizitza bi maletatan daukat», dio Garikoitz Arrese-Igorrek. Martuteneko Okendotegi bideko 153. zenbakiko Erbetegi etxeko bizilagun ohia da. Pasa den astean jaso zuten eraikina husteko agindua, eta herenegun utzi zuen urtetan bere etxebizitza izan dena. Abiadura Handiko Trena egiteko, lursaila desjabetu du Adifek, ondotik pasatzen den trenbidea zabaltzeko. «Trena ez da etxearen gainetik pasako. Parean duen kolektorea kendu behar dute, eta lan horiek eragin ditzaketen dardarengatik etxea eror daitekeela uste dute. Horregatik desjabetu gaituzte».
Bizilagunek bi urte «oso gogor» daramatzate Adif enpresaren aurka borrokatzen. Desjabetzeengatik eskaini dietena «irrigarria» dela azpimarratu du Arrese-Igorrek: «Alokairu sozialak eskaini dizkigute, baina ez da gauza bera, gu etxebizitzen jabeak baikara, eta horrela jabetza galtzen dugu. Bizilagun gehienek, azkenean, sinatu egin dute Adifen eskaintza, oso nekatuta daudelako, ez daukate indarrik. Gainera, alokairu sozialak bost urterako dira, eta orduan berrikusi egingo dituzte; beraz, baliteke bost urteren ondoren kalean gelditzea berriz».
Arrese-Igorrek ez du Adifen eskaintza onartu. «Nik borrokan jarraitzea erabaki dut. Alegazio bat aurkeztu dut nire etxebizitzaren tasazioaren ingurukoa. Lehen, 123.000 euro eskaintzen zizkidaten eta irrigarria iruditzen zitzaidan, baina orain are gutxiago eskaintzen didate, 121.000 euro. Nire hipoteka 168.000 eurokoa da, eta 60.000 euroko erreforma egin nuen», azaldu du Arrese-Igorrek. Orain gutxi arte alboan bizi zen familiak ere uko egin dio Adifen eskaintzari. «Epaitegietara jotzea erabaki dute. Bizitza osoa daramate hemen, eta oso diru gutxi eskaini diete». Alternatibarik gabe utzi dutela salatu du.
Eusko Jaurlaritzako 2015eko lege baten arabera, desjabetze kasu bat gertatzean, antzeko lau edo bost etxebizitza eredu eskaini behar dizkietela nabarmendu du Arrese-Igorrek. «Nire etxeak 55 metro karratu ditu, eta eskaini dieten diruarekin ezin dut Martutenen antzeko etxerik erosi». Alternatibarik gabe utzi dutela salatu du.«Sinatu ez dudanez, ez didate beste ezer eskaini. Kalean geratu naiz, eta eskerrak anaiak gela bat utzi didan. Altzariak lau bat lekutan gorde ditut, eta sukalde zein leiho berriak desmuntatu eta eraman ditut».
Babesik gabe
Donostiako Udalak bitartekaritza lana egingo zuela esan zieten bizilagunei, baina denborak aurrera egin ahala babesik gabe utzi dituztela salatu du Arrese-Igorrek. «Gutaz ahaztu dira. AHTa egin behar bada, egin dezatela, baina ezin dira herritarrak horrela tratatu».
Bestalde, ondare ikuspegitik Erbetegik duen balioa aldarrikatu du. XVI. mendekoa da, eta Donostiako eraikin zibil zaharrenetako bat da. Ancora elkartaren hainbatetan eskatu du eraikinaren balio arkitektonikoa mantentzeko, eta Arrese-Igorren arabera, aldundira ere jo zuten: «Azkenean, txosten irrigarri bat egin zuten, non ez den eraikinaren harriari buruz hitz egiten, soilik egurrezko egiturari buruz; guk, gure kabuz, sarrerako arkuko harria aztertu genuen arkitekto batekin [armarri berezi bat du arkuak], eta frogatu genuen Erdi Arokoa zela».
Ordea, aldundiaren txostena Adifek ad hoc egindakoa izan zela salatu du bizilagunak, enpresak berak ordaindu zuelako. «Orain, aldundiko informazioa lortu dugu, eta horren arabera, etxea botatzeko unean harria aztertuko dute, eta balioa baldin badu Irungo museo batean gordeko dute. Hau da, behin lurrak desjabetuta eta gu botata, orduan bai, balioa aitortuko diote etxeari», gaineratu du.