Infernua Bizirik plataformak salatu du Ertzaintza baimenik gabe sartu dela bizileku dituzten eraikinetan
Eraikinetan sartzeko arrazoia ez dute argitu polizia agenteek, plataformako kideen arabera. Goizean sartu dira, "inpunitate osoz" eta 13 lagun identifikatu dituzte.

Goizeko zortziak aldera Ertzaintzaren bi furgoneta eta auto bat iritsi dira Infernua auzunera. Hainbat lagunen bizilekua da, eta polizia eraikin batzuetara sartu da, epailearen baimenik gabe eta informaziorik eman gabe, Infernua Bizirik plataformak adierazi duenaren arabera.
“Ertzainak inpunitate osoz sartu dira gure auzoan, gure etxeetan. Ateak apurtu dituzte, jendearen logeletan sartu dira…”. Plataformako kideek kontatu dute bizilagunei azalpen desberdinak eman dizkietela, eta hizkuntza menperatzen ez duten bizilagunak engainatu dituztela: “Hasieran, COVID-19arekin lotutako ikuskapen bat zela esan dute, gero, ordea, ohiko miaketa bat zela esan dute. Eta hizkuntza menperatzen dutenei esan diete laster kanporatu egingo dituztela. Auzokideak manipulatu dituzte, taldea desegituratzeko”.
Salatu dute ertzainek auzokideen intimitatea bortxatu dutela: “Ertzain batzuek bizilagunak esnatzen eta identifikatzen zituzten bitartean, beste batzuek pintadak egin dituzte”. ‘Ertzaina, herria zurekin’ eta ‘Gora Ertzaina’ idatzi dute.
“Okupa izateak ez du zilegiztatzen gure etxeetara sartu eta gure intimitatea urratzea.Turistentzako diseinatuta dagoen Donostian etxebizitzaren problematikari autonomoki erantzuten jarraituko dugu”, adierazi dute Infernua Bizirik plataformako kideek ohar baten bidez.
Iaz ‘Fabrika’ izeneko pabiloia hustu zuen Ertzaintzak. Baliabide urriko hainbat lagunen aterpea zen eraikin hura.