Udalak Fernando Mujika Herzog oroitu du, ETAk hil eta 25 urtera

Mujika Herzog hil zuten lekuan izan da ekitaldia, San Martin kalean. Donostiako Udalak haren omenezko plaka jarri du gaur eguerdian, eta omenaldia egin dio.
PSOEko militante eta abokatuak 62 urte zituen ETAk hil zuenean, 1996ko otsailaren 6an. Bere semearekin batera haien bulegora zihoala hil zuten tiroz. Semeari ere arma batekin apuntatu zioten.
Omenaldian Eneko Goia Donostiako alkateak, udal taldeetako ordezkariek eta Mujika Herzogen senideek parte hartu dute. EH Bilduk salatu du Goia alkateak bere egin duela Mujikaren familiak Donostiako EH Bilduri ezarri dion betoa: “Gaur Donostiako udaletxean egin den eta Giza Eskubideen Batzordeak sustatu duen harrera-ekitaldian parte ez hartzeko eskatu du familiak. Alkateak berak helarazi zion alderdiari familiaren eskaera hau, ekitaldi instituzional honetan gure presentzia ez zela ongietorria, alegia”.
EH Bilduk adierazi izan du udalak antolatutako ekimen hauek ez dituztela berdintasun eta inklusioaren oinarrizko printzipioak betetzen, biktima guztiak eta sentsibilitate politiko guztiak errespetatuak eta onartuak izateko. Ohar baten bidez plazaratu dute Gregorio Ordoñezi egin zitzaion errekonozimendu-ekitaldian gertatu zen bezala, Fernando Mujikaren familiaren sentsibilitatea errespetatzeagatik, EH Bilduk erabaki duela gaur Donostiako udal batzarrak udaletxean egin duen harrera-ekitaldian ez parte hartzea.