2.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena Lilatoi birtualean

Lilatoia antolatu eta babesten duten hainbat eragileetako ordezkariak, urtarrilaren 26ko aurkezpenean. (Argazkia: Donostiako Udala) Lilatoia antolatu eta babesten duten hainbat eragileetako ordezkariak, urtarrilaren 26ko aurkezpenean. (Argazkia: Donostiako Udala)

2021eko Lilatoia birtuala izango da, eta lehen aldiz, korrika ez ezik, beste hiru modutan parte hartzeko aurkera ere eskainiko du: oinez edo nordic walking bitartez, patinetan eta esku bizikletan. Izena emateko epea urtarrilaren 13an zabaldu zen eta lau modalitateak kontuan hartuta, dagoeneko 2.000 emakumek baino gehiagok izena eman dute.

Parte hartzeko, lehenik izena eman behar da Lilatoiaren webgunean, norberak nahi duen modalitatean. Ondoren, aplikazio bat jaitsi beharko da mugikorrean, RockTheSport Virtual izenekoa. Aplikazio horretan entrenamenduak izango dira, lasterketa prestatzeko. Horiek bukatzean, martxoaren 5ean, parte hartzaileak erabaki beharko du zein egunetan egin nahi dituen 5 kilometroak. Alegia, martxoaren 5etik 8ra bitartean, egun bat aukeratu beharko du lasterketa egiteko. Aplikazioak, lortzen duen marka erregistratuko du, eta hori automatikoki sailkapenean gordeko da. Izan ere, aurten ere sailkapena eta sariak izango dira. Nabarmentzekoa da oinez ere parte hartu daitekeenez, parte hartzeko adinaren muga jaitsi dutela. Hain zuzen, orain arte 14 urtetik gorakoek parte hartu zezaketen soilik; aurten, berriz, 9 urtetik gorako neskatila eta emakumeek lasterketa oinez egiteko aukera izango dute.

Modalitate guztietan parte hartzeko prezioa berdina izango da. Parte hartzeak 4 euroko kostua izango du, eta kamiseta bakoitzak 7 eurokoa. Urtero, korrikalariek aukera dute Lilatoiaren antolatzaileek erabakitako egitasmo batera euro solidario bat emateko. Aurten, euro hori ez da hautazkoa izango, eta lortutakoak We are like you egitasmora bideratuko dira.

HITZAkide HITZAkide