Udalak aparkaleku bat egingo du Altzako Santa Barbara auzoan
Kiroldegi berriaren lanak direla eta, Altzan aparkaleku asko kendu direla ohartarazi zuten hainbat auzotarrek. Behar horri erantzunez, Donostiako Udalak aparkaleku bat egingo du Felix Iranzo eta Sasuategi kaleak elkartzen diren alboko lursailean. Bihar onartuko du proiektua Tokiko Gobernu Batzordeak. 328.266 euroko aurrekontua izango du, eta lanak egiteko epea lau hilabetekoa da.
Aparkalekuak 43 plaza izango ditu ibilgailuentzat eta bi gune motorrentzat. Gainera, lursailaren inguruak egokituz gero, autoentzako beste bost plaza eta motorrentzako beste gune bat lortuko dira; beraz, guztira, autoentzako 48 plaza eta motorrak aparkatzeko hiru eremu izango dira, 1.250 metro karratuko azaleran.
“Lur gaineko aparkaleku berri honek Altza bezalako auzo jendetsu batean aparkatzeko dauden gabeziak arintzea du helburu”, azaldu du Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak. Horrez gain, azpimarratu du aparkalekuak darinatze jasangarriko sistema bat izango duela: “Euri urak kudeatuko ditu urak iragazteko gai diren zoladura geruzen bidez, udalak jasangarritasunaren alde eta klima aldaketaren aurkako borrokan egiten duen apustuaren barruan beste neurri bat gehiago”. Horretarako, eraiki beharreko aparkalekuak lur naturalaren ahalmen bera izango du euri urak xurgatzeko. Zoladurak hainbat drainatze-geruza izango ditu, ura iragazi, biltegiratu eta lurpera askatzen duten materialez eginak.
Argindar azpiestazioa
Auzotarren aspaldiko beste eskaera bat da eremu horretan Iberdrolak duen argindar azpiestazioa kentzea. Urtarrileko udalbatzarrean udalbatzak adostu zuen Eusko Jaurlaritzari txosten bat eskatzea, estazioa lekutik urruntzeko aukera dagoen azter dezan. Udalak, printzipioz, ez du kenduko, baina azpiestaziotik ateratzen diren erdi-tentsioko dorreak lurperatuko dituzte. Horrekin batera, Arriberri kalearen bukaera hobetuko dute, bertatik doan ibilgailuen trafikoa hobeto erregulatzeko, eta argiteria publikoa jarriko dute.