Etxebizitza turistikoen ordenantza bertan behera utzi dutela ohartarazi du EH Bilduk
EH Bilduren udal taldeak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak etxebizitza turistikoen ordenantzari buruzko ebazpen bat eman zuen urtarrilaren 21ean. Zehazki, 2250/20 kasazio-errekurtsoaren aurkako probidentzia eman zuen, eta horren bidez Donostiako Udalak aurkezturiko errekurtsoa “ez dela tramitera onartzen” dio. Erabakia irmoa denez, ezin da errekurtsorik aurkeztu, eta kostuak udalari ezartzea ebatzi du.
Ebazpenaren xehetasunak ezagutzeko, EH Bildu udal gobernuarekin jarri da harremanetan probidentziaren eduki osoa eskuratzeko. Ordea, oraindik ez dietela eman adierazi dute. “Honek udal gobernu honen gardentasun maila erakusten du. Izan ere, nabarmendu behar da probidentziaren data urtarrilaren 21ekoa dela, eta Goia alkateak ez diela azalpenik eman nahi izan orain arte udal taldeei, ezta herritarrei ere, nahiz eta gai oso garrantzitsua izan”, adierazi du udal taldeak.
Etxebizitza turistikoen ordenantza “erabat baliogabea” dela ondorioztatu du EH Bilduk: “2020ko urtarrilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa denez, etxebizitza turistikoen ordenantza jada erabat baliogabea da. Oraingoan, erabaki judizial honek ondorio praktikoak bai izango ditu epe laburrean. Izan ere, oraindik ez da amaitu Eneko Goiaren gobernuak ‘lehen solairuko araua’ betetzen ez zuten ehunka etxe turistiko legeztatzeko abian jarritako HAPOren ad hoc aldaketarako tramitazioa. Bestela esanda, Donostian, orain, ‘lehen solairuko araua’ dago indarrean”, azaldu dute.
Hurrengo egunetan ebazpena zehatzako aztertu eta ondorioak donostiarrei jakinaraziko dizkietela esan dute. “Lehen solairuko araua betetzen ez zuten eta EAJ-PSE-EEren ordenantza berriak legeztatu zituen ehunka etxebizitza turistikoen egoera legala oso konplikatua da orain. Izan ere, iragarritako txapuza juridiko baten kronikaren aurrean gaude. EH Bilduk behin eta berriz adierazi izan du hau gerta zitekeela, ordenantza batek ezin duelako hirigintzako erabilerak arautu, hori HAPOren eskumen esklusiboa baita”.
EAJk eta PSE-EEk “erantzukizun politikoa” onartu behar dutela dio EH Bilduk, “zentzugabekeria juridiko eta poliko honengatik eta herritarrek etxebizitza duina izateko eta euren auzoetatik kaleratuak ez izateko duten eskubideari egindako kalteagatik”.