Garaipena mutilentzat, berdinketa neskentzat

Donostiako bi taldek baino ez dute jokatu asteburuan: Realeko mutilek eta neskek. Lehenengoek garaipen argia lortu dute, eta bigarrenek, aldiz, berdinketa.

reala Mikel Oiartzabal, Cadizen aurka sartutako goletako bat ospatzen. (Argazkia: Reala)

Imanol Alguacilen mutilek Cadiz hartu zuten igandean Anoetan, eta partida hasieratik bukaerara txuri-urdinak izan ziren nagusi; emaitza da horren erakusgarri, 4-1 bukatu baitzen norgehiagoka. Hala ere, VAR-ak zeresana eman zuen, lehenengo zatian epaileak hiru aldiz joan behar izan baitzuen monitorera, jokaldiak berrikustera. Mateu Lahoz zen VAR-eko burua, eta Pizarro Gomez monitorera bidali zuen hiruetan erabakigarria izan zen: lehenengoan, Realaren aldeko penaltia adierazi zuen (Oiartzabalek sartu zuen); bigarrenean, Pizarro Gomezek Cadizen alde adierazitako penaltia bertan behera utzi zuen; eta hirugarrenean talde andaluziarreko jokalari bati txartel gorria erakutsi zion (Pizarro Gomezek horia erakutsi zion hasiera batean, baina VAR-era jo ondoren, gorria ateratzea erabaki zuen).

Oiartzabalek 35. minutuan sartu zuen bigarrena, eta hortik aurrera txuri-urdinek gol aukera ugari izan zituzten, baita asko barkatu ere. Hala ere, Isakek bi gol sartu zituen bigarren zatian, neurketa erabakita utziz. Cadizek bere gola egin zuen, baina ez zuen arrisku handirik sortu Remiroren atean.

Natalia Arroyoren neskek Madril hartu zuten Zubietan, eta ez zuten mutilek bezain partida erraza izan, baina puntu garrantzitsu bat eskuratu zuten, neurketa oso pareko baten ondoren. Lehenengo minutuetan nagusitasuna txuri-urdinena izan zen, eta gol aukeraren bat ere izan zuten, baina madrildarrak aurreratu ziren, korner batean Sara Tuik buruz Nanclaresen atea gainditu baitzuen; atezain txuri-urdinak zalantzak izan zituen erdiraketa gelditzera ateratzerakoan, eta ezin izan zuen errematea gelditu.

Nerea Eizagirrek, azken asteotan gertatzen ari den moduan, taldearen pisua bere gain hartu zuen, eta arriskua sortu zuen Madrilen arean, baina berdinketaren gola Kiana Palaciosek egin zuen. Nahikari Garciak baloia lehiatu zuen, eta Palaciosek jaurtiketa gurutzatu batekin baloia sarera bidali zuen. Azken minutuetan Mendozak txartela gorria ikusi zuen, baina hamar jokalarirekin ere, Realak emaitzari eutsi zion.

Bera Bera asteburuan Lanzarote Puerto del Carmenen aurka jokatzekoa zen, baina neurketa atzeratu egin dute, kanariarrak itxialdian daudelako.

ESKUBALOIA

Emakumezkoen Ohorezko Maila, 10. jardunaldia

Bera Bera – Lanzarote Puerto del Carmen (Bertan behera).

FUTBOLA

Emakumezkoen Lehen Maila, 19. jardunaldia

Reala 1 – Madril 1

Gizonezkoen Lehen Maila, 22. jardunaldia

Reala 4 – Cadiz 1

HITZAkide HITZAkide