Iñigo Aristegiren 'Besarkada' eskultura Ramon Labaien plazan geratuko da
Donostiako Udalak Ramon Labaien plazan utziko du, momentuz, Iñigo Aristegi artista donostiarraren Besarkada eskultura. Azaroa bukaeran inauguratu zuten, Gabonetako argiak piztu zituzten egun berean. Koronabirusaren ondorioak pairatu dituzten eta pairatzen ari diren pertsonak omentzeko artelana da. 7 metroko altuera eta 800 kiloko pisua du, eta burdinez eta punta-puntako led argiz eginda dago.
Aurkezpenean Aristegik azaldu zuenez, eskulturaren sorrera pandemia aurrekoa da: “Duela urte eta erdi gutxi gora behera, Donostia Sustapena nirekin harremanetan jarri zen, Gabonetako argien eta artearen arteko lotura bultzatu nahi zutelako. Besarkada baten eskultura Eguberrietarako oso aproposa zela iruditu zitzaidan hasiera-hasieratik”. Izan ere, beste hainbat testuingurutan, besarkadaren gaia landua zuen eskultoreak. “Besarkadaren gaia 2008 urte inguruan hasi ginen lantzen, aureko krisialdiarekin. Mundu guztia oso triste zegoen, eta ikusi nuen besarkada ezinbesteko oinarri bat zela bi pertsonen arteko elkarbizitzarako eta elkarri babesteko”. Hori dela eta, besarkada baten eskultura txikiak egiten hasi ziren, eta euren dendaren sarreran eskulturaren bertsio handi bat jarri zuten. “Erreakzio bitxia gertatzen zen: bi pertsona, aurretik igaro eta eskultura ikusten geratzen zirenean, elkar besarkatzen zuten”, adierazi zuen.
COVID-19aren ondorioak pairatzen ari diren eta pairatu dituztenen omenezko eskultura dela azpimarratu zuen Aristegik: “Nolabait, mezu positibo bat helarazi nahi du. Hain zuzen, jendeak une honeta behar duena besarkada bat da. Beraz, saiatu gara eskultura hau energia puntu bat izan dadin, aurrera egiteko”.