Udal gobernuak dio Gorenak ez duela etxebizitza turistikoen ordenantzaren edukia zalantzan jartzen, forma baizik
EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako etxebizitza turistikoen udal ordenantza baliogabetu zuen, maila handiagoko arau baten bidez egin behar dela azpimarratuta. Donostiako Udalak epai horri helegitea aurkeztu zion, eta Espainiako Auzitegi Gorenera ere jo zuten. Hain zuzen, Gorenak ez du udalaren kasazio-helegitea onartu. EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, ez du oraindik horren inguruko ebazpenik egin. EH Bilduk aurreratu du Gorenaren erabakia, udal ordenantza bertan behera utzi duela nabarmenduz.
Udal gobernuak adierazi du Gorena ez dela etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko edukian sartu: “Ez da edukia zalantzan jartzen ari, baizik eta forma. Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak eskatutakoa betetzeko egin beharrekoa egin du eta maila handiagoko arau baten barruan egoteko tramitazioa bultzatu du”. Hain zuzen ere, udal gobernuak tramitazioa abiatu zuen iaz etxebizitza turistikoen erabileraren gaineko arauak Plan Orokorrean sartzeko, bere Hirigintzako Arau Orokorren bidez.
Abenduko udalbatzarrean behin behinean onartu zuten Plan Orokorraren aldaketa hori, eta orain egin beharreko tramitearen zain daude. Udalak martxoko udalbatzarrean aurreikusten du behin betiko onarpena ematea aldaketari. “Horrenbestez, etxebizitza turistikoen erabilera Plan Orokorraren barruan sartuko da, eta beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eskatutako maila handiagoko arau baten bitartez arautua egongo da”, azpimarratu du udal gobernuak.