52 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 536,76koa da, jaitsiera nabarmenarekin. Gros dagoeneko ez dago eremu gorrian, eta Bidebietak ostiralean gune gorria izateari utzi bazion ere, berriro itzuli da aurreko egoerara. Zazpi osasun-eremutan behera egin du intzidentzia metatuak.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 52 koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Intzidentzia metatuak behera egin du: une honetan, 536,76koa da. Atzo 560,88koa zen, eta ostegunean 579, 52koa. Aurreko asteko datuak nahiko berdin mantendu ziren, beherakada motelarekin. Asteburutik hona, berriz, intzidentzia metatuaren jaitsiera nabarmenagoa da, eta joerak horrela jarraitzen badu Donostiak gune gorri izateari uzteko baldintzak egokiagoak izango dira.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 0,93koa da. Atzo 0,96koa zen, eta ostiralean, berriz, 1,10ekoa. Bestela esanda, intzidentzia metatuak behera egin du.
Intzidentzia osasun eremuka
Gros dagoeneko ez dago eremu gorrian, eta Bidebietak ostiralean gune gorria izateari utzi bazion ere, berriro itzuli da aurreko egoerara. Beraz, bost dira 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik dauden osasun eremuak: Amara Berri, Egia, Bidebieta, Intxaurrondo eta Ondarreta. Hain zuzen, Loiolan, Altza-Rotetan eta Bidebietan baino ez du gora egin intzidentzia metatuak; gainerako osasun eremuetan behera egin du:
- Amara Berri: 615,10
- Bidebieta: 541,59
- Ondarreta: 522,69
- Egia: 519,43
- Intxaurrondo: 507,75
- Gros: 488,25
- Altza-Roteta: 473,74
- Parte Zaharra: 347,02
- Amara-Erdialdea: 333,29
- Loiola: 314,04
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 14
- Ondarreta: 8
- Gros: 7
- Bidebieta: 5
- Altza-Roteta: 5
- Egia: 4
- Amara-Erdialdea: 3
- Intxaurrondo: 2
- Loiola: 2
- Parte Zaharra: 1