AHTaren aurkako mugimenduak salatu du Erbetegi etxeko bizilagunen etxegabetzea "gehiegikeria eta bidegabekeria instituzionala" dela
Bi urte luzeko borrokaren ostean, Martuteneko Erbetegi etxea joan den astean hustu zuten bizilagunek, Adif enpresak lursaila desjabetu baitu, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua dela medio. AHTaren Astigarraga-Lezo zatiaren aurkako mugimenduak etxegabetzea salatu du: “Ondasun kolektiboak eta norbanakoen eskubideak urratzen dituen gehiegikeria eta bidegabekeria instituzional baten aurrean gaude”, adierazi dute.
Etxegabetzea “interes orokorraren izenean” eta “gutxi batzuen diru gose aseezinari men eginez” gauzatu dutela nabarmendu du mugimenduak, eta salatu du Eneko Goia, Arantxa Tapia eta Iñaki Arriola seinalatu dituzte erantzule gisa. Era berean, AHTa sustatzen duten erakundeei leporatu diete Erbetegiko bizilagunen bizi proiektuak aintzat hartu ez izana: “Bost axola hauei bertakoen bizi proiektu eta ibilbideak. Bai hala bai, prest dituzte indar armatuak edozein erresistentzia mendean hartzeko, prest makinaria txikitzailea mendeetan iraun duen dorrea eta bere historia birrintzeko”, salatu dute. “Gizarte arloko premia atzeraezin eta lehentasunezkoen kaltetan AHT bezalako azpiegitura lan handietan egiten den etengabeko diru xahuketa etetea eta proiektu honen aurka aritzea eta bere geldiarazpena aldarrikatzea ezinbestekoa da”, gaineratu dute.
Hedabide honek Erbetegi etxeko egoeraren berri eman zuen joan den astean, eta Garikoitz Arrese-Igor bizilagunarekin batera, bideo erreportaje mamitsua argitaratu zuen.