Asier Illarramendik apirilaren 4an Sevillan izango den Kopako Finala jokatu ahal izango du
2020/2021 denboraldiko Errege Kopako azken partidan kanporatua izan zen Asier Illarramendi mutrikuarra, bi txartel hori jaso ostean. Hasiera batean apirilaren 4ean jokatuko den 2019/2020 denboraldiko Kopako finala galduko zuela zirudien, baina Espainiako Futbol Federazioak talde txuriurdinari adierazi dio partida jokatu ahal izango duela.
Betisen aurkako partidan ikusi zituen Illarramendik bi txartel horiak, eta Reala segituan saiatu zen bigarren txartel horia ezeztatzen, Betiseko jokalaria ez baitzuen ikutu. Txapelketako Komitean jarri zuen errekurtsoa, baina ezeztatua izan zen, Apelazioko Komitearekin jazo zen bezala. Azken aukera gisa, Realak Kirolaren Epaitegi Administratiboan eskatu zuen bigarren txartel horia ezeztatzea, eta honek eskaera onartu du.
Realaren eta Athleticen arteko finala apirilaren 4an jokatuko dute Sevillako “La Cartuja” zelaian. Partida hau 2020ko apirilean zen jokatzekoa, baina koronabirusak eragindako pandemiak partida atzeratzea eragin zuen. Konfinamenduaren ostean finala jokatzeko aukera izan zuten euskal taldeek, baina bien artean adostu zuten partida publikoarekin jokatu arte atzeratzea. Pandemia lehenago amaituko zela uste zuten orduan, baina azken hilabeteetan kasu positiboek behera egin ez dutenez, aurtengo apirilean jokatuko dute azkenean final historiko hau.