Asier Nieblaren hiltzailearen defentsak errekurtsoa jarri dio hamabi urtetik gorako kartzela zigorrari
Asier Nieblaren hiltzailearen abokatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako zigorra errekurritu dute, eta gertakarien tipologian aldaketak egitea eskatu du. Bestalde, genero erasoaren izaera kentzea eskatu du defentsak, eta zigorraren bestelako murriztaile batzuk ere eskatu ditu.
Defentsak egin duen eskari nagusia heriotza hau “zuhurtziagabekeriazko giza hilketa” bezala kategorizatzea izan da. Asier Nieblaren hiltzaileari 2021eko urtarrilaren 22an ezarri zioten 12 urteko eta 11 hilabeteko kartzela zigorra, baita 280.000 euroko kalte ordainak ordaintzera ere (100.000 guraso bakoitzari eta 40.000 anaia bakoitzari). Orduan “balizko dolozko giza hilketa” izan zen egotzi zioten delitua, genero-astungarriarekin.
Tipologia aldaketaz gain, defentsak genero-astungarria kentzea eskatu du, haien esanetan gertakari hauetan emakume bat ez delako fisikoki, sexualki, psikologikoki edo ekonomikoki erasotua izan, eta tipologia hau ezartzeko emakumeak prozedimenduan parte hartu behar duela gehitu dute.
Bestalde, defentsak alkoholaren eta drogen eraginpean egon izanagatik zigorra arintzea eskatu du. Zigortuak, gainera, biktimen dolua erreparatua dagoela esan du, “behin baino gehiagotan” barkamena eskatu duelako, eta horrek ere zigorra arindu beharko lukeela arrazoitu du defentsak. Poliziarengana borondate propioz joan izana ere zigorra arintzeko motibo gisa jo dute.
Gertakariak
2018ko abuztuaren 12an, Donostiako Aste Nagusian, Asier Niebla 29 urteko urnietarra emakume batekin hizketan zegoen Perujuantxo kaleko taberna baten kanpoan. Une batean emakumearen mutilagun ohia gerturatu eta ukabilkada bat eman zion Nieblari, eta lurraren aurka hartu zuen kolpea. Zaurien larritasuna zela eta, koman bi hilabete eman zituen gazteak, baina hil egin zen azkenean.