Donostiako Jazzaldiak antolatuko du aurtengo Jazz Eñe programa
Kursaalaren atzeko terrazan jarri dute, ohi bezala, Jazzaldiko agertokietako bat. (Argazkia: Jazzaldia) Aurten Jazz Eñe programaren zazpigarren edizioa izango da, eta Donostiako Jazzaldia da honen antolakuntza bere gain hartuko duena. Jazz Eñe SGAE Autore eta Editoreen fundazioak antolatzen duen programa bat da, eta honen helburu nagusia Espainiako Estatuko jazz musikariak nazioartean ezagutaraztea da. Zabalpen honetarako aukera egokiena estatuan egiten diren jazz festibal ezberdinetan programa txertzatzea dute, eta aurten Donostiako Jazzaldia izango da hau gidatuko duena.
Programa hau 56. Donostiako Jazzaldiarekin batera jorratuko da, uztailaren 22tik 25era, eta SGAE fundazioak deialdi publiko bat egin du bertan parte hartu ahal izateko. Hala ere, ondorengo bi baldintzetako bat bete beharko du programan parte hartu nahi duen orok: SGAE fundazioko musikaren sektorean parte hartzen duen bazkidea izatea da lehena; baldintza hau bete ezean, SGAE fundazioan erregistratutako errepertorioa erabiltzen duten jazz taldeek ere izena eman ahal izango dute deialdian, nahiz eta gehienez bost kide dituzten taldeak bakarrik onartzen dituzten.
Martxoaren 8a izango da deialdi publiko honetan izena emateko azken eguna, SGAE fundazioak bere webgunean (www.sgae.es) horretarako propio ahalbidetu duen sistemaren bitartez. SGAE fundazioak berak izendatuko du deialdian aurkeztuko diren taldeak ebaluatzeaz eta hautatzeaz arduratuko den taldea, eta apirilean emango dute ebazpenaren berri.

