Realak Turinen jokatuko du Manchester Uniteden aurka, Juventusen estadioan
Azken egunotan indarra hartu du Europa Ligako final-hamaseirenetako Realaren eta Manchester Uniteden arteko joaneko partida Turinen (Italia) jokatzeko aukerak, hala adostu baitzuten Realak, UEFAk eta Juventusek (Turingo estadioaren jabeak). Italiako Gobernuaren onespena falta zen, baina baiezkoa eman du dagoeneko, beraz, ofiziala da: Realak Juventusen estadioan etxeko talde gisa jokatuko du hilaren 18an, 18:55ean, Manchester Uniteden aurka.
Anoetan jokatzekoa zen norgehiagoka, baina koronabirusa dela eta, Erresuma Batuko hegaldiek debekatuta dute Espainiako Estatura sartzea, hilaren 16ra arte. Baliteke neurri hori luzatzea, eta beraz, ez zen ziurra Anoeta partida jokatzeko kokaleku gisa mantentzea. Horregatik, klub txuri-urdinak eskerrak eman dizkio Juventusi bere estadioa uzteagatik, eta leku aldaketak hainbat sektoretan sortu ditzakeen arazoak deitoratu ditu.