“Aterabide poliziala" salatzeko, elkarretaratzea egingo du GKSk
'Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu' lelopean, manifestazioa egin zuten azaroaren 21ean. (Argazkia: Donostiako GKS) Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) elkarretaratzea egingo du larunbatean, Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenaren aurrean burgesiaren ofentsiba gelditu lelopean. “Bertan osasun larrialdiaren aurrean burgesiak aterabide poliziala hautatu izana jarriko dugu mahai gainean, horrek ekarri duen indar polizialen jazarpenaren handitzea salatuz”, adierazi dute. 18:00etan izango da elkarretaratzea, Bulebarrean.
Bestetik, “gazte langileon aurkako jazarpenaren inguruko” jardunaldiak egiten ari dira. Aurreko ostiralean abiatu zuten dinamika, “gazte kriminalizazioaren” eta errepresioaren inguruko mahai-inguru batekin. Ostiral honetan, 18:30ean, “poliziak sistema kapitalistan betetzen duen funtzioa” aztertuko dute, Okendo kultur etxean. Gazte etorkin baten eta Parte Zaharreko gazte baten testigantzak jasoko dituzte, eta militante batek polizia indarren egiturazko funtzioen inguruko hitzaldia eskainiko du.
Azkenik, hilaren 26an hitzaldi bat eskainiko dute: “Gazte langileok errepresioaren aurrean antolakuntza komunistaren aldeko hautua egitearen garrantzia azpimarratuko dugu”, adierazi dute.


