"Indargabetu berri den ordenantza pisu turistiko ilegalak legalizatzeko tresna bat izan da"
BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformaren arabera, “2018tik 2021era indarrean egon den pisu turistikoen ordenantzaren bidez, une oro etxeak negozio bezala erabiltzea babestu du Udalak”. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du etxebizitza turistikoen ordenantza, eta “ebazpenak Donostian pisu turistikoekin daukagun arazoari konponbidea emateko ate bat zabaltzen du”, BiziLagunEkin plataformaren ustez.
“Indargabetu berri den ordenantza pisu turistiko ilegalak legalizatzeko tresna bat izan da”, plataformaren arabera, eta ebazpenaren aurrean, “pisu turistikoak mugatu eta murrizteko balio duen araudia” ezartzeko eskatu diote Donostiako Udalari. Haien esanetan, etxebizitza turistikoen ugaltzeak, besteak beste, alokairuaren prezioaren hazkundea eragiten du.
Donostiarrei ohartarazi diete haiek ere badituztela moduak etxebizitza turistikoak ugaltzea oztopatzeko: “Gure eraikinetan pisu turistikoak ezartzeari ateak itxi. Atarietako bakoitzean, etxejabeen gehiengoak hala nahi badu, eraikinean pisu turistikoak jartzea legez debekatu daiteke. Hitz egin bizilagun-komunitatean, informatu araudiez eta erabaki hauek hartzeko moduez eta eman urratsa”.
Eneko Goia Donostiako alkateak Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenari garrantzia kendu dio.