Tabakalerak kultura garaikideari buruz hausnartzen duen ikus-entzunezko sorta aurkeztu du
Zientziaren, pentsamenduaren, artearen edo zinemaren munduan erreferenteak diren tokiko eta nazioarteko hogei bat pertsonek parte hartu dute Tabakalera-denbora ikus-entzunezko bilduman. Tabakalerak bosgarren urteurrenaren baitan sortu du, kultura garaikideari buruz hausnartzeko. “Erakundearen bosgarren urteurrenean etorkizun posibleak irudikatzen lagundu nahi izan dugu, ‘Tabakalera-denbora’ programan parte hartu duten pertsonen begirada eta hausnarketen bidez”, azaldu du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak.
Elkarrizketetan, parte hartzaileek kulturarekin erlazionatutako hainbat gai aztertzen dituzte, hala nola herritarrek kulturan eta gure garaiko arazoak konpontzen aktiboki parte hartzeko espazioak prestatzeko beharra, diziplinak gurutzatzearen garrantzia, artisten prestakuntza eta profesionalizazioa. Halaber, denboraren kontzeptuak funtsezko balioa hartzen du, beharrezkoa baita edozein aldaketa sozial, zientifiko edo kulturali ekiteko.
Morgancrea ekoiztetxeak garatu du ikus-entzunezko bilduma. Tabakalera ideien eta proiektuen sorleku gisa aurkezten du, aisialdi tradizionalaren eremua gainditzen duen topagune gisa, eta ideien laborategi gisa, gure garaiko erronkei erantzun eta estrategia berriak bilatzen dituena.
Parte hartzaileak
Proiektuaren lehen fasean, 2020ko uztaila eta iraila bitartean, Rosa Zufia kazetariak elkarrizketatu dituen hogei pertsona ezagunek parte hartu dute: Julio Le Parc, Itziar Okariz, Beatriz Setién, Beatriz Herráez & Miguel Zugaza (artea), Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Carla Simón, Isaki Lacuesta, Vigo Mortensen (zinea), Marina Garcés, Daniel Inerarity (pentsamendua), Quadrature, Laia Sánchez (Medialab), Pedro Miguel Etxenike, Andoni Luis Aduriz, Gillermo Zuaznabar eta Eider Rodriguez. Proiektuak jarraipena izango du parte-hartzaile berrien hausnarketak jasoko dituen bigarren fase batekin.
Bihar argitaratuko da lehen ikus-entzunezko pieza Tabakalerako sare sozialetan, eta hamabostean behin argitaratuko dira gainerakoak kanal horien bitartez.