42 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 500,57koa da. Aste honetako joerak berdin jarraitzen badu, probabilitate handia dago Donostiak bihar gune gorri izateari uzteko. Ondarreta dagoeneko ez dago eremu gorrian.
(Argazkia: Beñat Parra) Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, zenbatu zituzten atzo. Intzidentzia metatuak behera egin du: une honetan, 500,57koa da. Gune gorri izateari uzteko langatik oso gertu dago Donostia, alegia. Atzo 522,50ekoa zen intzidentzia metatua, herenegun, 536,76koa, eta astelehenean, berriz, 560,88koa zen. Aste honetako joerak berdin jarraitzen badu, probabilitate handia dago Donostiak bihar gune gorri izateari uzteko.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 0,86koa da. Atzo, 0,91ekoa zen, eta herenegun, 0,93koa. Bestela esanda, intzidentzia metatuak behera egin du.
Donostiak gune gorri izaten jarraitzen duen arren, atzo tabernak eta jatetxeak zabaldu zituzten hirian. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du otsailaren 4an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek jarritako helegitea. Hala ere, indarrean jarraitzen du Jaurlaritzaren dekretuak. Horrela, neurri batzuk bete beharko dituzte: 20:00etan ixtea, edukiera %50ekoa izatea, mahaietan eseritako pertsonen arteko distantziak mantentzea, mahai bakoitzeko lau pertsona esertzea, eta barran kontsumitzeko debekua.
Intzidentzia osasun eremuka
Ondarreta dagoeneko ez dago eremu gorrian, eta Bidebietak atzo eremu gorrian egoteari utzi bazion ere, berriro itzuli da aurreko egoerara. Beraz, hiru dira 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik dauden osasun eremuak: Amara Berri, Intxaurrondo eta Bidebieta. Hain zuzen, Bidebietan eta Parte Zaharrean baino ez du gora egin intzidentzia metatuak:
- Amara Berri: 569,54
- Bidebieta: 555,48
- Intxaurrondo: 507,75
- Ondarreta: 481,64
- Gros: 441,11
- Egia: 438,48
- Altza-Roteta: 438,08
- Parte Zaharra: 354,25
- Amara-Erdialdea: 321,17
- Loiola: 300,38
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 10
- Gros: 6
- Bidebieta: 6
- Amara Berri: 5
- Altza-Roteta: 4
- Intxaurrondo: 3
- Parte Zaharra: 2
- Loiola: 2
- Amara-Erdialdea: 1
- Egia: 0


