Inauterietako kolorez jantzi dute San Martin auzoa
Nahiz eta ostegun gizena izan gaurkoa, inauteriak ezingo ditugu aurten ospatu. Hala ere, San Martin auzoko saltokiak inauterietako kolorez apaindu dituzte. Izan ere, Eskolako lorezainen konpartsari keinu sinboliko bat egin, eta auzoko hainbat saltoki konpartsako jantziekin apaindu dituzte. Batzuetan buruko loreak daude, beste batzuetan jantzi osoa, baten batean koloretako ileordea… Erakusleiho bitxi eta alaiak daude San Martingo dendetan, ez-inauteriak girotzeko.
San Martin Auzoa plataformak antolatu du egitasmoa, eta datorren asteartera arte egongo dira jantziak erakusleihoetan ikusgai. Egitasmoan 21 establezimenduk hartu dute parte: Holi Bio Shop belar denda, Maloa ile apaindegia, Iñaki Sagarzazu, La Perola, Ridel, Azpilicueta farmazia, San Sebastian zentro kiropraktikoa, Isabel ile apaindegia, MA ile apaindegia, San Martin klinika, El Cafe de Donosti kafetegia, Tocados Oh, Abytek, Ados Mobiliario, Barayazarra y Casteres, Justo liburu denda, Ana Kortadi, Un Rincon Para Ti, Lanetan, San Sebastian podologia zentroa eta Why Not establezimenduek, hain zuzen.
Lorezainen konpartsa Donostiako inauterietako zaharrena da, 1818koa, hain zuzen. 1999. urtetik Eskola dantza taldeko zenbait dantzarik osatzen dute Lorezainen konpartsa.
San Martin auzo historikoa Aldapeta kalean hasten da, auzoko parrokian –gaur egungo Convent Garden–, eta Londres hoteleraino doa, Easo kaleko alde bikoitia hartuta, eta San Martin Auzoa egitasmoa sortu zuten iaz hainbat saltokik, auzoaren izaera berpizteko. IRUTXULOKO HITZAk parte-hartzaile batzuekin hitz egin zuen, eta erreportaje zabala argitaratu zuen.
San Martin auzoko saltoki koloretsu alaien zenbait irudi, jarraian: