Lucas Egibar munduko txapelduna da
Suediako Munduko txapelketan urrezko domina irabazi du Lucas Egibar snowboarder donostiarrak. Gaur arratsaldean Idre Fjällen jokatu den snowboarderkross finala oso estua izan da, eta photo finish-ak argitu du irabazlea. “Ezin dut sinetsi. Amets bat errealitate bihurtu da”, adierazi du lasterketaren ostean.
Finalerdietan bigarren postuan sailkatu da, eta finalerako txartela eskuratu du. Lasterketan atzetik aurrera egin du, erakustaldia emanez. Finaleko ibilbidearen erdian hirugarren postuan zegoen, baina saiakera berezia egin du azken bihurgunean aurretik zituenak azken unean aurreratuta.
Egibarren orain arteko lorpen garrantzitsuena da. 2014-15 denboraldian Munduko snowboarderkross kopa irabazi zuen, eta 2017an Sierra Nevadan jokatu zen Munduko txapelketan zilarra jantzi zuen.