Auzoko atari bitxienak badu bere historia
Teresita Enea eraikina Egiako adierazgarrienetakoa da. Geometria berezia du, eta bi atari zein sarbide ditu. Bata lehen solairuan dagoen etxebizitza bakarrarena da, eta bestea gainontzekoena.
Egia kaleko aldapan gora eginez gero, Loiolarako bidean, bada eraikin bat atentzioa ematen duena. Teresita Enea da bere izena, eta inguruko etxeekin konparatuta oso desberdina da. Florencio Mokoroa arkitektoak diseinaturiko eraikinak geometria bitxia du, v formakoa delako. Gainera, bi atari ditu. 34. zenbakia soilik lehen solairuari dagokio, eta eraikin osoaren zabalera hartzen duen etxebizitza bakarra da. Harrizko arku bereizgarria du atari honek. 36. zenbakia, berriz, gainerako bizilagunen etxebizitzetarako sarbidea da.
1935ean eraiki zuten etxea, Piñueta gainean, Astigarragako errepide zaharraren mugan. Urumeari begira zegoen etxebizitza bakarra izan zen hainbat urtez. Tomas Mendiburu arduratu zen eraikuntzaz, eta auzoko hainbat familia jarri ziren han bizitzen. Hasiera batean, bi solairu zituen, beheko solairuarekin batera. Hilabete gutxira, ordea, proiektua aldatu eta hirugarren pisu bat gehitu zioten. Gaur egungo itxura 1953an hartu zuen, bost solairurekin, eta teilatuan jarri zuten erlaitzarekin.
Ancora elkarteak Teresita Enea babesteko eskaera egin zuen 2017an, eraikina katalogatu gabe dagoelako. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) berrikuspena abiatu zenean, berriz ere eraikina babesteko eskaera aurkeztu zuten. Elkartearen ustez, balio arkitektonikoak dituen etxebizitza da.
Lehen solairuan barrena
Kanpotik ez ezik, barrutik ere berezitasunak ditu Teresita Eneak. Harrizko arkua duen atarian, 34. zenbakian, Oskar Padura eta bere familia bizi dira. Irutxuloko Hitzari barrura sartzen utzi dio. Atea gurutzatu, eskailerak igo eta lehen solairu osoa hartzen du etxebizitzak. Padurak duela hamabost bat urte erosi zuen, eta espazioa aprobetxatzeko barrutik berritzea erabaki zuen. Horma batzuk bota zituen, baina etxebizitzaren bereizgarritasunak eraldatu gabe.
Etxearen antzera, lehen solairua v formakoa da. Beste bi berezitasun ere baditu. Batetik, etxebizitzak kapera bat zuen otoitz egiteko gune gisara. Forma oraindik mantentzen du, berrituta badago ere. Joskintzarako lekua ere izan zela uste du Padurak, etxea erosi zuenean mahai bat eta josteko tresneria topatu zituelako kaperaren azpian. Bestetik, egongelako sabaiak bobeda bat dauka.
Kartelik eta izenik ez du Teresita Eneak, baina izan zuen. Padurak du gordeta bere etxean. 34. atarian zegoen jarrita, eta atea aldatzekotan izan zelako gordetzea erabaki zuen. Azkenik, atea ez zuen aldatu, eta harrizko arkuaren azpian jarraitzen du.