Donostiak gune gorri izateari utzi dio

29 koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo, eta intzidentzia metatua 461,65ekoa da: Donostiak gune gorri izateari utzi dio gaur. Gainera, Labiak mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimendu du.

Intzidentzia metatuak gora egin du hamar osasun eremutan. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Intzidentzia metatuak gora egin du hamar osasun eremutan. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki)

Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 29 koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Intzidentzia metatuak behera egin du: une honetan, 461,65ekoa da. Beraz, Donostiak gune gorri izateari utzi dio gaur.

Gainera, Labi aholku batzordea gaur goizean bildu da, eta mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimenduko dute astelehenetik aurrera jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Hala ere, udalerrien itxiera perimetrala mantendu dute beste bi astez. Gainera, herenegun tabernak eta jatetxeak zabaldu zituzten Donostian. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du otsailaren 4an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek jarritako helegitea. Hala ere, indarrean jarraitzen du Jaurlaritzaren dekretuak. Horrela, neurri batzuk bete beharko dituzte: 20:00etan ixtea, edukiera %50ekoa izatea, mahaietan eseritako pertsonen arteko distantziak mantentzea, mahai bakoitzeko lau pertsona esertzea, eta barran kontsumitzeko debekua.

Intzidentzia metatuak murrizteko joera izan du azken bi asteetan Donostian. Aurreko asteko joera oso motela zen, eta honetan, berriz, beherakada nabarmena izaten ari da: atzo intzidentzia metatua 500,57koa zen, herenegun 522,50ekoa zen, asteartean 536,76koa, eta astelehenean, berriz, 560,88koa. Bost egunetan 100 puntu jaitsi da intzidentzia metatua, eta gune gorri izateari utzi dio Donostiak.

Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 0,80koa da. Atzo, 0,86koa zen, eta herenegun, 0,91ekoa. Bestela esanda, intzidentzia metatuak behera egin du.

Intzidentzia osasun eremuka

Amara Berri eta Intxaurrondo dagoeneko ez daude eremu gorrian. Beraz, bakarra da 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik dagoen osasun eremua: Bidebieta. Egian baino ez du gora egin intzidentzia metatuak:

  • Bidebieta: 555,48
  • Amara Berri: 492,65
  • Intxaurrondo: 463,98
  • Egia: 445,22
  • Ondarreta: 426,91
  • Altza-Roteta: 422,80
  • Gros: 420,90
  • Parte Zaharra: 339,79
  • Amara-Erdialdea: 296,93
  • Loiola: 273,07

Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:

  • Amara Berri: 6
  • Ondarreta: 4
  • Gros: 4
  • Bidebieta: 4
  • Altza-Roteta: 4
  • Egia: 3
  • Intxaurrondo: 2
  • Parte Zaharra: 1
  • Loiola: 1
  • Amara-Erdialdea: 1
HITZAkide HITZAkide