Donostiako sei emakume omentzeko plakak jarriko ditu udalak Ekialdeko Barrutian
Donostiako Udalak sei plaka jarriko ditu datozen egunotan Ekialdeko Barrutiko auzoetan, Donostiaren garapenerako garrantzitsuak izan ziren sei emakume omentzeko. Udalak azaldu duenez, Ekialdeko Barrutiko berdintasun taldeak eta Intxaurrondoko, Herrerako, Altzako eta Larratxoko emakumeen elkarteek elkarlanean sortutako egitasmoa da, eta Maria Dolores Goia, Alice Gordon Gulick, Batelariak, Carmen Burgos Colombine, Joana Albret eta Ignazia Zabalo izango dira emakume omenduak.
Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak pauso garrantzitsutzat jo du egitasmoa: “Keinu honen bidez, emakume askok auzoen eta hiri osoaren dinamikan izan duten funtsezko zeregina agerian geldituko da. Askotan, paper hori alde batera utzi izan da, eta ahaztu ere egin da, baina emakumeon ekarpena ezinbestekoa izan da eta bagenuen ordu aitortzeko”. Plakak lehendik emakume horiek izenak zeramatzaten kaleetan eta plazetan jarriko dituzte, are gehiago gogoratzeko. Hamar milimetroko lodierako altzairuzkoak izango dira, 80 zentimetroko altuera izango dute eta 8.487 inbertsioa egingo du udalak.
Jarraian, omenduko dituzten emakume horien guztien historia laburra:
- Maria Dolores Goia: Donostiako andereñoa eta ikastolen sustatzaileetako bat. Erbestean egon zen gerra zibilaren ondoren, eta 1940an, itzuli zenean, euskarazko eskolak ematen hasi zen, modu klandestinoan, batzuetan bere etxean bertan. Plaka Intxaurrondo auzoan bere izena duen plazan jarriko da.
- Alice Gordon Gulick: Bostonen jaioa, Donostian porturatu zen. Hemen, Askatasunaren hiribidean, emakumeentzako eskola-barnetegi bat sortu zuen, 1881ean. Ikastetxea nabarmendu zen, bere ikasleek zuten prestakuntzagatik, eta Miarritzera eraman zuten, lehenik, eta Madrilera, gero. Plaka Intxaurrondo auzoan bere izena duen plazan jarriko da.
- Batelariak: XVII. mendearen hasieran dagoeneko hitz egiten zen Pasaiako portuko alde batetik bestera jendea beren ontzi eta txalupetan pasatzen zuten emakumeez. XIX. mendean, berriz, gizonek egiten zuten lan hori. Gaur egun ere egiten da, motordun ontzien bidez. Plaka euren izena daraman Buenavistako plazan jarriko da.
- Carmen Burgos Colombine: Almerian jaiotako idazlea, Espainiako lehen kazetari eta gerrako berriemailetzat hartua. Bere garaiko hainbat egunkaritan lan egin zuen, eta emakumeak politikan, gizartean eta kulturan duen zereginaren aldarrikatzaile nagusietako bat izan zela jotzen da. Plaka bere izena daraman Bidebietako kalean jarriko da.
- Joana Albret: Nafarroa Behereko Erregina. Bere semea Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa izan zen, Borboi etxeko Frantziako lehen erregea, hain zuzen. Erreginak, protestantismora aldatuta, Testamentu Berria euskarara itzultzea bultzatu zuen. Plaka bere izena daraman Intxaurrondoko kalean jarriko da.
- Ignazia Zabalo, Nornahi: Euskal Herriko lehen emakume marrazkilari eta ilustratzailetzat hartua, bere lanak Nornahi (Nor-Nai) izenarekin sinatzen zituen. Plaka bere ezizena daraman Bidebietako kalean jarriko da.