Eduardo Txillidaren amonaren hotela
Niza hotela Donostiako zaharrenetarikoa da: 1908tik dago Kontxako badiari begira. Juana Eguren zumarragarrak ireki zuen, eta 1970eko hamarkadan bere bilobak –Eduardo Txillidak– hartu zuen bere lekukoa.

Neguak itsasoari begira pasatzen ditu jendeak, eta udak, berriz, itsasoan murgilduta. Kontxako badian murgiltzean hirira begiratuz gero, begiak aspaldi pareta batean margotutako iragarki bati so geratu ohi dira. HOTEL NIZA jartzen du.
Donostian hotel ugari badaude ere, Niza hotela da agian zaharrenetarikoa. Kontxako pasealekuan dago 1908tik.
Niza Hoteleko pertsona garrantzitsuena Juana Eguren izan zen. Zumarrragan jaio zen, eta hotelen munduan hazi. Izan ere, bere familiarena zen horko Paraiso hotela. Juan Juantegirekin ezkondu zen, eta Zaragoza plazako Biarritz hotela erosi zuten XX. mende hasieran.
Negozioa ondo zihoakien, eta 1908an Zubieta kaleko txalet bat erosi zuten. 1867koa zen hiru solairuko eraikina. 1901ean beheko solairua eraberritu eta jatetxe bat jarrri zuten, eta 1908an Juana Egurenen eskuetara iritsi zen. Guillermo Eizagirre arkitekto tolosarrak eraikina handitu zuen eta kutsu modernista eman zion. Sortua zen Niza hotela.
Beheko solairuan Biarritz taberna zegoen (egun bezala), eta hango sukaldaria Linder jauna zen: Kaiser alemaniarraren sukaldari ohia.
Biarritz hotelari, agur
1960ko hamarkadan Juana Eguren hil zen. Biarritz hotela saldu zuten eta hotel izateari utzi zion. Niza hotela, berriz, handik hamar urtera bere biloba baten eskuetan geratu zen: Eduardo Txillida eskultorearen eskuetan, hain zuzen.
Txillidaren zenbait artelanek hotela oraindik apaintzen dute. Gainera, XX. mende hasierako igogailua ere mantentzen du hotelak, Schlinder etxekoa.
Bestalde, zinemaren historian ere badu bere lekua Niza hotelak. Zinemaldian lehen aldiz euskaraz aurkeztutako filmaren –Ke arteko egunak (1989)– kokalekuetako bat Niza hotela da.