Etxebizitza turistikoen inguruko ebazpen batek eztabaida piztu du
EAEko Auzitegi Nagusiak iaz Donostiako etxe turistikoen araua baliogabetu ondoren, epaiari udal gobernuak aurkezturiko helegitea baztertu du Auzitegi Gorenak. Eneko Goia alkateak garrantzia kendu dio, eta EH Bilduk udalaren «malabarismo legalak» salatu ditu.
Indarrean jarraitzen du Donostiako etxe turistikoen ordenantzak, baina agortzear da bere ibilbide juridikoa. Donostiako Udal Gobernuak 2018ko martxoaren 1ean onartu zuen araudia, eta iazko urtarrilean baliogabetu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Izan ere, udal ordenantza batekin ezin dira hirigintza erabilerak arautu, eta ezin da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurka joan. Hori dela eta, ordenantzaren arauak txertatzeko Plan Orokorra aldatzeko prozesua abiatu zuen udal gobernuak. Martxoko udalbatzarrean aldaketa behin betiko onartzea aurreikusten dute.
Udal taldeen arteko eztabaida asko sortu ditu etxebizitza turistikoen ordenantzak. EAJk eta PSE-EEk sustatu zuten, eta PPk babestu zuen. Aldiz, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia hasieratik udal arauaren kontra agertu dira. Baita hiriko hainbat eragile ere; Bizilagunekin eta Kaleratzeak Stop plataformak, esaterako. Orain eztabaida berri bat piztu du Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen batek. Erabakia urtarrilaren 21koa bada ere, EH Bilduk astelehenean izan zuen horren berri, eta ohar baten bidez jakinarazi zuen. Etxe turistikoen ordenantza babesteko udalak aurkezturiko helegitea baztertu du Gorenak.
Gardentasun falta
Udal gobernuari ebazpena «ezkutatu» izana egotzi zion EH Bilduk. «Honek udal gobernu honen gardentasun maila erakusten du. Goia alkateak ez die azalpenik eman nahi izan orain arte udal taldeei, ezta herritarrei ere, nahiz eta gai oso garrantzitsua izan». Asteartean, ordea, Eneko Goia alkateak adierazi zuen udalak egun horretan bertan izan zuela Gorenaren erabakiaren berri. «Gaur izan dugu probidentziaren berri, udaleko zerbitzu juridikoen eskutik. Beraz, nik nekez ezkutatu dezaket ez dakidan zerbait», nabarmendu zuen. Era berean, kritiko agertu zen EH Bilduk plazaraturiko oharrarekin. «Batzuei gehiegi nabaritzen zaie, hiriarentzat txarrak diren gauzez pozten direla».
Ebazpenari dagokionez, Goiak garrantzia kendu zion. «Ez gaude epai baten aurrean, probidentzia bat da. Ez dute udalak tarteratutako helegite bat onartu, baina soilik adierazi dute ez doala gaian sartzera, ez delako bere eskumenekoa». Etxe turistikoek «orain arte bezala» jarraituko dutela azpimarratu zuen Goiak. Dena dela, ezkor agertu zen pandemiaren eraginez sektoreak bizi duen egoera ez delako ona: «Ez da pozteko modukoa. Azken hamar hilabetetan ez da lizentzia eskaera bakar bat egon».
Alkatearen adierazpenen ostean, EH Bilduk ohar berri bat plazaratu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza «baliogabetu» ondoren, udal gobernua «malabarismo legalak» egiten ari dela salatu zuten, «ordenantza onartu ondoren legeztatu ziren ehunka etxebizitza itxi beharrik izan ez dezaten». Horrekin batera, gogorarazi zuten oraindik indarrean den Plan Orokorrak etxebizitza turistikoen erabilera lehen solairuetara mugatzen duela. «Ordenantza honen bidez, udal gobernuak eraikinetako beste solairu batzuetan kokatutako ehunka etxebizitza legeztatu nahi izan zituen».
Etxebizitza turistikoen lizentzia berrien inguruan, alkateak esandakoa zalantzan jarri zuen EH Bilduk. «Prentsaren aurrean esan du azken hamar hilabetetan ez direla lizentzia eskaera berriak egin. Hala ere, etxebizitza turistikoen erroldaren berri ematen duen udalaren webgunean, gutxienez, tramitatzen ari diren hamasei eskaera agertzen dira».