Euskara gutxi San Martin merkatuan
San Martin merkatuan erabiltzen diren hizkuntzak aztertu dituzte EHUko zenbait ikerlarik. Gaztelaniaren presentzia da nagusi, eta euskara saltzaileek eta bezeroek uste eta nahi baino gutxiago erabiltzen dute. Donostiako euskararen erabilera orokorrarekin antzekotasunak ditu, baina kanpoko hizkuntzen presentzia handiagoa da, turismoa agerikoagoa delako merkatuan. Elkarrizketa elebidunak eta euskarazko errotuluak proposatu dituzte,
Koldo Izagirre Altzako idazlearen arabera, merkatuak “bertako produktuen eta bertako hizkuntzaren guneak” izan dira. Parisen bizi naiz (2013) poesia liburuan Donostiaren inguruan hausnartu zuen, baita hiriko merkatuez ere: “Han, janaria erosteaz gain, baserritarrak eta hiritarrak hizkuntza eta euskara trukatzen zituzten. Bertakoek eta kanpokoek elkarri egiten zieten hitz, elkarrekin egiten zuten euskara, herrikoa eta hirikoa, basokoa eta auzokoa. Hori dela kausa, merkatuak eta hiriak pertsonak topatzeko lekuak izan dira, bila joan behar izan gabe”. Hala kontatu zuten Izagirreren gogoeta Argia-ko Komunzki blogean.
Izan ere, merkatuak hizkuntzen erabilera eta transmisiorako gune dinamikoak dira, elikagaiak eskuratzeko salerosketak baitira eguneroko bizitzako alderdi nabarmen bat. Donostiako betiko merkatuen eraldaketak, ordea, eragina izan du hizkuntza paisaian ere. Euskara baserrietan mantendu zen garaian, erdara nagusi zen hirira euskara ekartzen zuten merkatuetan. Globalizazioaren ondorioz multinazionalek baserriko produktuak bazter batean utzi izanak, beraz, kalte egin dio euskarari.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko ikerketa talde batek –Donostia Research Group on Education and Multilingualism (DREAM)– Euskara eta eleaniztasuna San Martin merkatuan izeneko ikerketa egin zuten 2018an. Ikerketak galdera bati erantzuten zion: Zer hizkuntza erabiltzen dira San Martin merkatuan?
Galdera horri erantzuteko, metodologia “askotarikoa” erababili dute, Karin van der Worp DREAM taldeko ikerlariaren arabera: “San Martin merkatuko hizkuntzaren erabilera ikuspuntu desberdinetatik aztertzea bilatu dugu: ez bakarrik erabilera, horren inguruko pertzepzioak ere aztertu nahi izan ditugu. Hortaz, asko izan dira erabili izan ditugun tresnak. Bat izan da kale neurketatik moldatutako behaketa sistema bat non erabiltzen diren hizkuntzak behatu ditugun. Hizkuntza paisaiaren azterketa izan da bestea: argazkien bitartez egin dugu. Horretaz gain, bezeroei eta saltzaileei elkarrizketak egin dizkiegu”.
Donostia eta San Martin merkatua, aurrez aurre
San Martin merkatuko hizkuntzen erabilera Donostiako kale neurketarekin alderatu dute. Izan ere, ikerketa 2015-2019 aldirako Euskararen Plan Orokorrari jarraituz eraman zuten aurrera. Zehazki, plan horretako helburu jakin bati erantzun diote ikertzaileek: “Erosleak eta herritarrak, oro har, aktibatu beharko dira merkatarien eta eta ostalarien euskararen aldeko jarrera eta portaeretan eragiteko”. Horrela, 2016an Donostian egindako kale neurketa eta 2018an San Martin merkatuan egindakoa alderatu dituzte.
Van der Worpen arabera, euskararen eta gaztelaniaren erabilerak “patroi berdintsua” jarraitzen du Donostia mailan eta San Martin merkatuan, goiko grafikoan ikus daitekeenez. Gaztelania da nagusi bai Donostian bai merkatuan, eta euskara bigarren mailan dago: biztanleen %78,35ak gaztelania erabiltzen du merkatuan, eta %14,17ak baino ez du euskara erabiltzen. Beste hizkuntza batzuen presentzia handiagoa da San Martin merkatuan hiri osoan baino, eta turismoari egotzi dio hori EHUko ikertzaileak, baita saltoki handiei ere: “Kanpoko hizkuntzei dagokienez, batez ere ingelesa eta frantsesa entzuten dira. Frantsesa San Martinen nabaria da Zara han bertan dagoelako: bertara Ipar Euskal Herriko biztanle asko joaten dira”. Datu horiekin bat dator merkatuko oliba saltzailea: “Merkatuan gaztelania gehiago entzuten da euskara baino. Kanpoko hizkuntza nagusiak ingelesa, frantsesa eta italiera dira hemen”.
Karin van der Worpen arabera, EUSTATen datuek adierazten dute Donostian euskaldunak gaztelania bakarrik dakitenak baino gehiago direla. Hala ere, alde aldia nabaritu du ezagutzaren eta erabileraren artean: “Euskararen erabilera oso atzetik geratzen da: %15, 9 Donostiako kaleetan”. Euskara jakin arren gaztelaniara jo ohi dela ere hauteman dute EHUko ikertzaileek: “Ikusi dugu bezeroen artean galdetzen badugu zein den erabiltzen duten hizkuntza, askok gaztelania erantzuten dutela. Baina hori erantzun dutenei galdetu diegunean saltzaileak euskaraz hitz eginda zein hizkuntzarekin erantzungo luketen, heren batek erantzun du euskara erabiliko lukeela. Hor argi dago nahiz eta beraiek gai izan, ez dutela hori erabiltzen. Hor ikusten dugu jarrera hori badagoela: errazagoa dela gaztelaniara jotzea. Saltzaile batzuek ere aipatu dute azkarragoa dela: badakite gaztelaniaz eginda ulertuko dietela, baina hori ez da hain ziurra euskaraz eginda”, azaldu du Van der Worpek.
Joera hori aise identifikatu du Amalur lore saltzaileak: “Gipuzkoako herrietatik etortzen den jendeak lehen hitza erdaraz egiten digu, pentsatuz ez dugula euskara jakingo. Gero poztu egiten dira guk ere euskaraz egiten dugulako”.
“Ikerketaren arabera, saltzaileen %15ak eta bezeroen %6,8ak euskaraz egiten du, eta gaztelania da nagusi. Izan ere, saltzaileen %45ek gaztelania egiten du, eta %40ak euskara eta gaztelania erabiltzen ditu. Bezeroen kasuan, berriz, %71,2ak gaztelania hitz egiten du, eta %11,2ak elebidunak dira”, azaldu du Van der Worpek.
Ubalategi baserriko barazkiak saltzen dabil Nagore, eta bere ustez, adinak ere eragina du hizkuntzaren erabileran: “Guk euskaraz asko egiten dugu, baina gehiago adineko jendearekin. Gazteekin gehiena erdaraz egiten dugu”, azaldu du.
Luis Marik ahate produktuak saltzen ditu, eta lehen hitza euskaraz egiten du beti: “Gaur egun oraindik ere hizkuntza erabiliena gaztelania da, baina euskarak indar dezente daukala pentsatzen dut, edo pentsatu nahi dut”. Errealitatearen eta errealitatea izatea gustatuko litzaigukeen moduaren arteko talkak ere eragina du San Martin merkatuko saltzaile eta bezeroen iritzietan, Van der Worpen arabera. Errealitatearen eta pertzepzioaren arteko aldea “nahiaren” araberakoa izaten da askotan, bere ustez: “Gaztelaniak rol nagusia duela sumatu dugu: gehienek adierazi dute gaztelaniaz hitz egiten dutela azokan; euskarak leku handiagoa hartzen du euren pertzepzioetan, erabileran baino. Beraz, badago nahi edo desio hori euskara gehiago erabiltzeko. Hor badaude hainbat azalpen agian. Alde batetik, eta metodologia horren alderdi ezaguna bada, askotan horrelako gaiei buruz galdetzen badugu, batzuetan gehiago islatzen dute beraiek egoera hori nola nahi duten izatea egoera hori nolakoa den baino. Orduan, ikusita pertzepzioetan euskarak presentzia handiagoa duela, ikus daiteke agian nahiagoko zutela euskara gehiago egotea”.
Hala ere, pertzepzio hori ere badute euskara ez dakitenek. Adibidez, San Martin merkatuko harakin batek: “Euskara ez dakidanez, gaztelaniaz hitz egiten dut. Hala ere, iruditzen zait euskara gehiago entzuten dela. Turistak etortzen direnean ahal dugun moduan hitz egiten dugu, elkar ulertu behar dugulako. Lankide bakoitza ahal dugun moduan moldatzen gara”.
Elkar ulertu beharra gakoa da merkataritzan, saltzaileek saldu nahi dutelako eta bezeroak erostera joan direlako. Joxe Mari San Martin merkatuko bezeroa da, baina bere garaian Antiguako merkatuan saltzaile izan zen. San Martin merkatu zaharra ezagutu zuen: “Merkatu zaharrean euskara gehiago entzuten zela iruditzen zait, baserritar gehiago zeudelako”, bere ustez.
Izan ere, saltzaileen eta bezeroen arteko hartu-emanean euskararen transmisioa gertatu daiteke, baina horren inguruko iritzi desberdinak dituzte San Martin merkatuko saltzaileek: “Galdetu diegu saltzaileei ea nola ikusten duten euren papera euskara irakasteko edo transmititzeko, eta hor iritzi ezberdinak dituzte. Alde batetik, badaude saltzaileak ulertzen dutenak beraien funtzio bat izan daitekeela tokiko hizkuntza transmititzea eta hori bezeroekin erabiltzea. Beste batzuen ustez, berriz, beraiek helburu ekonomiko batekin daude: saltzeko daude, eta horretarako erabiliko dute bezeroak erabakiko duen hizkuntza”, azaldu du Van der Worpek.
Hala ere, jarrera desegokiak ere badaude merkatuko zenbait bezeroren artean, Amalur lore saltzailearen iritziz: “Askotan gertatzen zaigu erdaraz hasten garela, eta, gero, konturatu, eta euskarara pasatzen garela. Baina hori bai, erdaldun-erdalduna dena zorrotzagoa da: ‘Egun on’ esaten badiozu, ‘Buenos días’ nabarmentzen du. Hala ere, guk jarraitzen dugu gure ‘Egun on’-ekin, ulertzen delako. Ez bazaio gustatzen joatea du beste toki batera”.
Aurreiritziak ere badaude San Martin merkatuan. Sushi saltzaileak ikusi ditu: “Guk ez dugu euskara hitz egiten, baina bezeroak guregana ez datoz euskaraz hitz egiten. Gazteleraz egiten dugu, edo ingelesez. Lankideon artean japonieraz hitz egiten dugu”.
San Martin merkatuko hizkuntzen erabilera aztertzeaz gain, hizkuntza paisaia ere aztertu dute DREAM taldeko ikertzaileek, hau da, merkatuko errotuluak. Errealitatearen eta pertzepzioen arteko talka ageri da berriro idatzizko hizkuntzaren azterketan. Izan ere, bezeroen %45,9aren ustez errotuluak euskaraz eta gaztelaniaz daude; %35,1ak uste du gazteleraz daudela soilik, eta %15,6ak, berriz, euskaraz bakarrik. Errealitatea, aldiz, desberdina da.
Errotuluen %63,9 gaztelania hutsean dago, gehiengoa. Bietara (euskaraz eta gaztelaniaz), berriz, %14,6a baino ez daude. Errealitatearen eta pertzepzioaren arteko aldearen atzean “nahia” egon daiteke berriz ere. Izan ere, bezeroen %97,1ak bi hizkuntza edo gehiago ikusi nahi ditu errotuluetan.
Karin van der Worpen ustez, San Martin merkatua Donostiaren isla izan daiteke, hizkuntzari erreparatuz gero: “Nik uste dut San Martinen egoerak ondo islatzen duela Donostiaren egoera. San Martinen bertan ikusten dugu tokiko bezeroak eta turistak elkartzen direla horrelako gune batean. Nik uste dut hori badela Donostiaren ezaugarri bat ere. Orduan, uste dut San Martin adibide dinamiko bat badela Donostiaren egoera islatzeko”.
Ikerketaren ondorio nagusia nabaria da: gaztelania da nagusi San Martin merkatuan. Euskararen ezagutza faltagatik baino, erabileran egiten huts kontuak. Ez da merkataritzara mugatzen, baina kasu honetan zer egin dezakegu euskararen erabilera handitzeko? Hizkuntza eskubide guztiak bermatzea da “gakoa”, Van der Worpen arabera. Izan ere, ikerlariaren ustez kontua ez da gaztelania edo euskara hautatzea: “Badaude moduak bi hizkuntzak erabiltzeko elkarrizketa batean. Pertsona asko daude euskaraz entzuteko edo ulertzeko gai direnak, baina hitz egitea kostatu egiten zaie. Orduan, zergatik hautatuko genuke dena gaztelaniaz egitea? Agian hor egokia izan daiteke saltzaileak euskaraz hitz egitea eta bezeroak gaztelaniaz, adibidez. Kanpoko hizkuntzekin ere hausnarketa hori egin daitekeela uste dut”.
Belarriprest rola du Arantxa bezeroak San Martin merkatura joaten den aldiro: “Euskaraz ez naiz oso ondo moldatzen, baina ulertzen dut. Beraz, saltzaileari beti eskatzen diot euskaraz hitz egiteko eta nik gazteleraz erantzuten diot”. Ez da bakarra. Ikerketaren arabera, bezeroen %11,2ak eta saltzaileen %40ak euskara eta gaztelania solasaldi berean erabiltzeko ohitura dute.
Errotuluetako hizkuntzei dagokionean, euskararen presentzia handitzea, hau da, errotulu gehiago euskaraz idaztea, beste modu bat izan daiteke euskararen ikusgarritasuna handitzeko, ikerlariaren arabera.
“Hizkuntzak gure identitatearen parte dira”
Eleaniztasunaren balioa “handia” da Karin van der Worp Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariaren ustez: “Hizkuntzak nolabait gure identitatearen parte dira, eta hori ere aurkitu dugu elkarrizketetan: hizkuntzaren garrantzia. Tokiko jendearentzat garrantzitsua da bertako hizkuntza erabiltzea, eta turistei ere gustatzen zaie tokiko hizkuntzak entzutea. Nik uste dut aniztasun hori garrantzitsua dela”.
Hala ere, euskara erabiltzeari garrantzi berezia eman dio ikerlariak: «San Martin merkatuan ikusten dut garrantzitsua dela tokiko hizkuntzari bere lekua ematea gure identitatea eta gure izaera adierazteko».
Etxeparek Euskara, jalgi hadi plazara idatzi zuenean horri ere erreferentzia egin zion. Plaza espazio publikoa da, gizarte bat osatzen duten herritarren bilgunea. Horietako bat San Martin merkatua da. Zer adierazten du merkatuko erralitate linguistikoak? Gaztelaniaren nagusitasuna. 2015-2019 aldirako Euskararen Plan Orokorreko helburu zehatza, merkataritzari dagokiona, ez da bete, beraz.
Arkitektura idorrak / ezain bezain ezilkorrak / plano guztien gainetik zuzen / lurrezko bidezidorrak. Koldo Izagirreren Donostia olerkiaren zati bat da hori. “Idazlearen aburuz, ordea, bere hiriak suntsitu egin ditu topaketa eta topografia hauek [San Martin merkatua, kasu], banan-banan, batean macdo bat jartzeko, bertzean fnac bat, harakoan etxe-multzo askotako bat. Eta hirigintzan gertatu duten hori bera gertatu digute artean, musikan, politikan ere”, azaldu zuten Argia-ko iruzkinean.