Kolore adina kirol, Amassorrain ikastolako inauterietan
Inauterietako ospakizun guztiak bertan behera geratu badira ere, Añorgako Amassorrain ikastolan egoerara egokitu dira, eta inauterietako jaialdi alaia ospatu dute gaur arratsaldean. Taldeka eta burbuilaka banatu dira ikastetxeko patioan zehar, eta talde bakoitzak parte hartu du ikuskizunean. Guztien mozorroak kirolarienak izan dira, baina denetariko kirol erakustaldiak ikusi ahal izan dituzte haurrrek eta irakasleek. Gurasoek eta senideek ez, COVID-19a dela eta etxean geratzeko eskatu baitie ikastolako zuzendaritzak.
Arratsaldeko une batez, Añorga itsasoan murgildu da eta haur hezkuntzako haurtxoek surf egin dute. Uretatik atera eta Euskal Herrira itzuli dira: harria jaso duenik izan da, baita pilota eskuarekin astindu duenik ere. Euskal Herritik Amerikara joan dira Añorgako haurrak, eta break dance dantzatu dute. Futbol amerikarra ere jokatu dute, animatzaile eta guzti! Aldapan gora mendira igo dira; Olinpiar Jokoetako gimnastak ere baziruditen Añorgakoek. 12 urtekoek, amaitzeko, inauterietako azken dantza egin diete haien ikaskideei. Hurrengo urtean Bigarren Hezkuntza egingo dute, Antiguan edo Lasarten. Amassorrain ikastolan pasa dituzten azken inauterietan dantza dotorea egin dute.
Break dance dantzariek festa nola alaitu duten ikusi nahi?
Amassorrain ikastolako inauteriek utzitako irudiekin, argazki bilduma osatu dugu: